Osasunaren izenean

Lierni Rekondo 2023ko ira. 15a, 09:30

"Denbora daramat kirola erregularki egiten nire osasun mentalari on egiten diolako. Gertuko gizon batek esan dit gutxiago egin beharko nukeela, tripa jaitsi bai, baina, izterrak gehiegi handitu zaizkidala eta kontuz ibiltzeko. Hori itsusia dela. Nahikoa da ez?".

Hau idatzi nuen atzo Twitterren amorruaren amorruz, eta ez dira gutxi izan jaso ditudan erantzunak, identifikatuta sentitu direnak.

Duela urte batzuk osasuntsu egoteko, alegia, argaltzeko, kirola egitea gomendatzen zidan pertsona bera da hau. Eta, bai, onartzen dut orduan egin nuen gisan atzo ere ispiluaren aurrera joan nintzela. Naizena, ala, agian, bere hitzek zizelkatutako irudia, zalantzan jartzera.

Besteen gorputzak goitik behera aztertu eta beraien elikadura/kirol ohituren erradiografia egiteko zilegitasuna dugula sentitzen dugu, osasunaren izenean. Eta hori gutxi balitz, horren atzean benetan zer dagoen jakin gabe, iritzia ematekoa. Dugula diot, gu ere bagarelako jokatzeko modu sistematizatu honen parte, eta lanketak lanketa, deseraikitzeak deseraikitze sarri besteak epaitzen topatzen dugulako gure burua.

Zenbat min eragin dezakegun osasunaren izenean… interesaren arabera instrumentalizatu dugu kontzeptua eta bere esanahia erabat lausotu da (dugu) dagoeneko. Pasadizo honekin argi gelditu baita ez duela balio bera osasun mentalak ala osasun fisikotzat dugun horrek. 

Eta elkar gurutzatzen diren gauzak direnez gero, nork daki 10 kilo argaldu eta “osasuntsutzat” dugun gorputz horrek ez ote duen atzean antsietateak jatea galarazten dion buru bat, pertsona bat? Ala bere burua onartu ez, eta, afaldu gabe aste bete daraman norbait? Nork daki gorputz normatiboa ez den gorputz lodi horrek ez ote duen kirolik egiten eta elikadura osasuntsu bat eramaten?

Nik buruak arnastu dezan egiten dut kirola, eta eskerrak izterrak hazi zaizkidan itolarria eta bularreko presioa areagotu beharrean. Eta ez dut azaltzen zorretan nagoelako, baizik, bakoitzari on egiten dioten gauza horiek egiten, benetan osasun mental zein fisikoaren izenean norberaren burua zaintzearen aldeko aldarria egin nahi dudalako.

Agian besoak sendotzeko helburuarekin entrenatzen jardungo dut aurrerantzean, beharbada nirea ez da emakume gorputz estetikoa izango, baina, horrelakoei zaplazteko batez erantzuteko aukera emango dit.