'NEURE KABUZ'

Olentzerok

Gorka Lasa 2021ko abe. 17a, 08:30

Aste honetako iritzi artikulua, Gorka Lasaren eskutik: Olentzerok.

Txondorran, 2021eko abenduan

Herritar maiteok: 

Dagoeneko hasia naiz zuek igorritako gutunak irakurtzen eta eskaerekin opariak prestatzen: amona Elisarentzat erlojutxoa, aitona Inaziorentzat bufanda goxoa, Oierrentzat bateria, Iratirentzat mikroskopioa…

Ni bizi naizen toki honetatik herri osoa ikusten da, ikuspegi ederra zabalduz begibistara, eta bide batez herritarrok egiten eta esaten duzuenaren berri ere badut. Badakit nor ibiltzen den zintzo eta jator urte osoan zehar, edo opariak jaso asmoz azken unean zurikeriatan ibiltzen dena nor dugun. Aurten tamalez, opariak ez dira urteroko ilusio eta irrikaz eskatutakoak.

Amona Elisak biloben bila garaiz heltzeko nahi du erlojua, haien gurasoak askotan ezin baitira eskolara garaiz iritsi lanaldi luzeen ondorioz; aitona Inaziok koronabirusari dion beldurragatik eraman nahi du bufanda goxoa lepoaren inguruan bi buelta emanda, ahoa eta sudurra ongi baino hobeto estalita; Oierrek bere amorrazio guztia bateria joz askatu nahiko luke, Batxilergoko 2. Ikasturtean, oraindik ez baitu ikusi beste ikastetxe batetik bere gelara etorritako gelakide berriaren begi polit horien azpian nolako irribarrea ezkutatzen den; Iratik etorkizunean zientzialaria izan nahi duelako hasi nahi du mikroskopioarekin lehenbailehen praktikatzen; amak, berriz, ospitaleko lan kargak sortzen dion nekearen lasaigarri gisa, thalasoterapiako bono bat nahi du; eta aitak, nahiz eta aspaldian ezer eskatu ez, oraingoan zumitzezko otartxoak nahi ditu, bere dendako apaletan inguruko baserritarren produktuak jarri eta gehiago sal daitezen.

Aurten, betiko poza baino tristura sentitzen dut zuek elkarrengandik urruntzen ikusita: batzuk ingurukoez eta inguruaz erabat arduratuta eta beste batzuk, aldiz, hain arduragabe eta ezaxola.

Nik, nire aldetik, dakidana eta egin dezakedana egingo dut: natura zaintzen jarraitu, berarekin batera zainduko dugulako geure burua ere.