'NEURE KABUZ'

Tximino bihurtzea

Asier Odriozola 2021ko uzt. 9a, 10:27

Maiz esan ohi da gizakia ume jaio eta ume hiltzen dela, alegia, zahartzen goazen neurrian umetzen joaten garela. Gutako bakoitzarentzat balio du horrek baina errezeloa daukat gizarte bezala ere halatsu gertatzen zaigula. Aurrerapen haundiak bai eremu batzutan eta ez dakit beste gauza askotan aldiz lerdotzen ari ez ote garen. Hori oharkabean pasa da neurri batean pandemia iritsi den arte. Bestelako gerrarik ez, euskal gatazka ez bada, eta gure belaunaldikooi birusaren gurutzea egokitu zaigu eta hor agertu dira gizakion haundiuste eta miseria asko. Uste genuen jaun eta jabe ginala planetan eta ikusi ere ezin den etsai batek izututa gauzka urte t'erdi honetan.

Gero, zorioneko txertoa asmatuz gero, berriz ere garaitezin ikusten dugu geure burua eta hasi gara tximinoarena egiten. Zer da komeni ez dena? Ba hura egingo dugu. Eta ez gazteek bakarrik, guztiok egin dugu momenturen batean egin behar ez genuen zerbait. Eroso bizi izanaren zantzua da hori, kate motzean denbora batean lotuta egon ondoren, galdutako denbora errekuperatu nahia. 

Horrek atzerapausoak dakartzala birusaren kontrako borrokan? “Alla kuidados”. Gora Darwinen legea eta iraun dezala egoerara ondoen egokitzen denak. Azken batean, gizakia desagertzera bidean doa eta ondo merezita gainera. Denbora kontua da: atzera bidean lehen lehenik tximino bihurtuko gara berriz ere eta ondoren, kitto.