"Elkarbizitza, konponbidea eta bakea" lortzeko urratsak egiten jarraitzeko eskatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 20:34

Aste Santua tarteko, martxoko hutsunearen ondoren, Azken Ostirala bueltatu da herriko kaleetara. Ohi bezala, Elizatzetik abiatu dira Okendo plazaraino eta bertan Sareren adierazpena irakurri dute. 

Mobilizazioari ekin diotenean ateri bazegoen ere, plazara bidean hasitako euriak udaletxe arkupean aterpe hartzera behartu ditu. Horren eta mikroarekin izandako arazoaren eraginez, Pili Kastresanaren inguruan jarri dira partaideak mezua entzuteko. 

Astelehenean urtebete osatuko da Donostiako Artzain Onaren atarian "etapa berri baten aurrean dauden oztopoen irakurketa" plazaratu zutela. "Urruntze politika" gainditzeak presoen eskubideen urraketarekin ez amaitzeaz gain, politika horren "arazo eta oztopoak" agerian utzi zituzten.

"Berezko botere politiko bilakatuta", Fiskaltzak eta Justiziak EAEko agintari eskudunen espetxe politika "ezbaian  jarri" eta espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra, gradu progresioen eta espetxe baimenen aurka egiten dute. Horren adibide, Joseba Borde eta Juan Karlos Subijanaren aurkako helegiteak, hirugarrenez espetxera itzularazi diete. 

Hortaz, "togak mendekurako tresna bihurtu" dituztenak salatu eta haien aurrean urratsak ematen jarraitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, espetxe politika arrunta aplikatze bidean aurrera pausoak ematen jarraituz, eta espetxeetako juntei beren irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela, "Fiskaltzaren eta espetxe zaintzako epailearen jarreren aurrean". 

"Elkarbizitza, konponbidea eta bakea" lortzeko "salbuespeneko jokaeren amaiera" ezinbestekoa dela errepikatu dute, "giltzak gure eskuetan" daudela gogoratuz. "Euskal gizartearen gehiengoaren babesarekin atzeraezinezko bide batean jarri gaituzten etapak gainditu ditugu, elkarbizitza eta konponbidearen alde".