Euskal dokumentalen zikloko azken bi saioak egin dituzte asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 28a, 12:10

Bi errealitate oso bestelako ezagutzeko aukera izan dute lasarteoriatarrek Okendo Zinema Taldearen proposamenen bidez. Ostiralean, Cabeza y corazón dokumentalak desgaitasuna duten emakumezko kirolariena; larunbatean, berriz, Jon Mirande idazle zuberotarrarena. Batean zein besteak edukiari buruz hitz egiteko aukera izan dute lanean parte hartu duten ordezkariekin. 

Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea Cabeza y corazón dokumentalaren zuzendariek hitz egin dute kultur etxera joandako ikus-entzuleekin. Espainiako emakumezkoen gurpil-aulkiko saskibaloi taldeko kideei buruzko lanean, azaldu dutenez, elbarritasunaz harago joan nahi izan zuten. "Ez da elbarritasunari buruzkoa, gaitasunari buruzkoa baizik".

Andrakak 2017 inguruan grabatutako material eta oharretatik abiatuta, berak grabatu zituen bi jokalariak non zeuden bilatu zuten eta Espainiako taldeak Munduko Txapelketan parte hartuko zuela jakin zuten. Jokalariak ezagutu zituzten eta haien historien berri izaten joan ziren neurrian, ideia moldatu eta taldean oinarritzea erabaki zuten. 

Bi urtez egin zuten lan beraiekin, hiruzpalau orduko elkarrizketak egin zizkieten jokalariei eta Goikoetxeak "oso eskuzabalak" izan zirela nabarmendu zuen. Hedabideek nola irudikatu ohi dituzten azaldu zieten ere. "Batek esan zigun: 'Telebistara noan bakoitzean biolinak entzuten dira eta Sonia Ruiz, parapléjica jartzen dute'. Ohituta daude horrela irudikatuak izatera, eta gure helburua erabat bestelako den zerbait egitea zen". "Miresmenetik" egindako lana dela aitortu zuten zuzendariek, emakume talde horrengatik "asko ikasi" baitute.

Edukiaz harago, ikuspegi teknikoaz ere hitz egin zuten. Goikoetxeak zehaztu zuen “erabaki etikoa zela jokalarien begien altueran grabatzea”, eta hala egin zuen Andrakak. Kirol kontakizunetan plano orokorrak nagusi izaten badira, beraiek motzean eta off-ean (iruditik kanpo) kontatu dute, emozioetan zentratu nahi baitzuten, partidez kanpo zegoenean.

Prekarietatea, emakumeek kirola, amatasuna... gai ugari agertzen dira filmean, baina ez da desgaitasunaz hitz egiten, Andrakak argitu bezala, “aulkian inplizituki baitago”. Emakume talde baten "nahiak eta ametsak" ziren erakutsi nahi zutenak, ez zergatik dauden aulkian.

Amaiera, gazi-gozoa da, baina zuzendarien esanetan, "bizitza ere hala da: ñabardurak ditu; ezer ez da %100 osoa".

Idazlearen egia

Amaiera zoriontsurik gabeko beste lan bat da Josu Martinezen Mirande. Film baterako zirriborroa gisa definitua, bertaratu direnekin hitz egiteko aukera izan zuen Miel A. Elustondok esan bezala, film bakarra baino "gehiagotarako eman lezake".

Zuzendariak 14-15 urterekin Gauaz parke batean irakurri zuen eta ordutik beti nahi izan zuen filma egin. Uda batean Elustondok hildakoei egindako bospasei elkarrizketa egin zituen, haietako bat Mirande. "Obsesio bat bihurtu da. Niretzako inoizko gauzarik ederrena delako. Horrek bezala idazten duenik gutxi, oso gutxi, euskaraz. Hain dotore. Oso gutxi. Eta euskaldunberria zen". Urtarrilan Berrian Mirande hil zaigu idatzi zuen hainbat lan muntatuta, eta otsailean, Joseba Sarrionandiaren bidez, berarekin harremanetan jarri zen Martinez. Ordurako Elustondok urteak zeramatzan Mirande eta bere lagunen lanak irakurtzen, eta gidoian parte hartu zuen. "Dena nuen buruan, eta erabakita kopla gutxi, epaiketa gutxiago eta utzi pertsonari hitz egiten. Hori zen nire obsesioetako bat".

Idazleari buruz esan izan diren zenbait gauza gezurtatu zituen Elustondok. Nazia, antisemita, bipolarra... Bere idatzietan ideologia horri buruzko ezer ez duela topatu azaldu zuen. Bigarren Mundu Gerran Alemaniaren alde egin zuen, baina ez nazien alde. “Alemania eta demokrazia kontrajartzen zituen, ikusi zuelako Frantziak eta Frantziaren demokraziak zer ekarri zion Ipar Euskal Herriari eta Frantziako herri txikiei: egurra, zapalketa, desagertzea. Politikan, berak esaten zuenez, bildu behar duzu irabazten duenarekin”. Eta gogoratu zuen EAJren barruan ere dudak izan zirela noren alde egin. Edonola, Miranderen idatzietan “nekez aurkituko duzue nazismoaren gorazarrerik. Judutarren aurkakoa, bai”, baina antijudaismo historikoa dela iruzkindu zuen kazetariak, ez antisemitismoa. “Pixka bat gehiago sakondu behar dugu eta ez gelditu azalkerian". 

Bere ideologiaren oinarrian "pentsalari bat, idazleetan ez dagoen bezalako pentsalari bat, kristautasunaren aurreko Europa bat, paganoa nahi izanez gero, berreskuratzeko nahia” egon daitekeela adierazi zuen, baina hori hasierako urteetan bakarrik dela, gerora ideia horiek utzi baitzituen, “nire ustez, bizitzak kolpatzen duelako”. Kolpe horiek, besteak beste, idatzitako lanak argitaratzeko ezintasuna eta amaren heriotza izan ziren.

Garaiko idazle eta pentsalarien aldean, Mirande “bestelakoa zen, ez zen artaldekoa”. Parisen bizi zen eta handik idazten zuen, bestelako giro batean. “Hemen, ez bazinen Elizaren azpiko, ardi beltza zinen”. Edonola, harreman ona izan zuen bere garaikideekin, bestelako iritziak edo kontrajarriak bazituzten ere. "Non sortu da problema? Noiz? Nik ez dakit", laburbildu zuen kazetariak.

Bertaratutakoekin Elustondok egin bezala, Miranderi buruzko horiek argitzeko, dokumentalean idazleari hitza ematea erabaki zuten; hala, aktore batek gorpuztu zuen. Sakontzeko, bere gutunak irakurtzea gomendatu zien Elustondok bertaratutakoei, eta haietako bat eta poemetako batzuk ikusteko aukera ere izan zuten ikus-entzuleek, eskuz esku pasatu zituzten paperetan.