Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu du Kukukak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 14:12

Datorren asteazkena, hilak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da. Kukukak, ordea, asteburura aurreratu du egun garrantzitsu horren ospakizuna. LH2 eta DBH2 ikasturteetan arteko Antzerki Ta Dantza eskolako kideek eta herriko ikastetxeetako haurrek parte hartu dute Okendo plazan egindako erakustaldian

Aulkiak beteta eta hesien atzealdean jarrita, herritar ugari bertaratu da antzezle gazteek prestatutakoa ikustera. Taldeka atera dira erdigunera eta esketx bat aurrera eraman dute. Lehenek aulki bati beldurra ziotela irudikatu dute, haietako bat ausartu, eta ukitu duen arte. Arriskurik ez zela ikusita, soka saltoan aritu dira, pozik. Ondoren, orrialde batzuk atera, eta mikro aurrean jarri dira, Jon Fosse dramaturgo norvegiarrak idatzitako manifestua irakurtzeko. Txandaka egin dute, zatika, eta elebitan.

"Pertsona bakoitza bakarra da eta, aldi berean, beste guztiak bezala. Itxura, ikus daiteke, egia da, baina pertsona bakoitzaren barruan ere bada zerbait, berea dena, bakarra egiten duena.
Desberdinak garenez, berdinak gara. Mundu guztiko pertsonak funtsean, berdinak gara, zein hizkuntzatan hitz egiten dugun, zein azal-edo ile-kolore dugun kontuan hartu gabe.
Arteak, arte onak, bere erara eta ederki lortzen du erabat bakarra denarekin elkartzea. Arrotzaren eta unibertsalaren arteko aldea ulertzeko aukera ematen digu. Hori egitean, arteak lengoaien mugak eta muga geografikoak gainditzen ditu.
Artea ez da espresatzen dena berdina izatea eraginez, aitzitik, gure desberdintasunak erakusten dizkigu, kanpokoa edo arrotza dena. Ez zait bururatzen aurkakoak elkartzeko modu hoberik.
Gerra gutako bakoitzaren sakonean dagoenaren aurkako borroka da: bakarra. Eta arte ororen aurkako borroka da, arte ororen esentziarik intimoenaren aurkakoa. 
Arteaz hitz egiten dut, oro har, ez antzerki-arteaz bereziki; izan ere, arte on orok, hondoan, gauza beraren inguruan biratzen du: singularra eta berariazkoa hartzea unibertsal bihurtzeko.
Gerra eta artea aurkakoak direla bezain sinplea da, gerra eta bakea kontrakoak direla. Artea bakea da".

Txaloak jaso dituzte eta bigarren taldea irten da jendaurrera. Otsoaren beldur diren neskatoak eta animaliak izan dira kontakizunaren protagonistak. Piztiari nola aurre egin adostu dute eta harekin jolasean amaitu. Jarraian atera direnek poltsa batetik ateratako gauzei erabilera berriak bilatu dizkiete, animaliak gorpuztu dituzte, publikoa ikustean ezustekoa izan duten pailazo bilakatu dira edertasunari buruz gogoeta egin dute... 

Gaztetxo guztiek beren lana erakutsi ondoren, berriro, txandaka atera dira plazara. Agurtu, txaloak jaso eta kokatzen joan dira, denek elkarrekin talde argazkia egiteko.