Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boza ematearen garrantziaz ohartarazi ditu alderdikideak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 08:41
Argazkia: Lasarte-Oriako PSE-EE

Lasarte-Oriako Herriko Etxean batu da Denis Itxaso, Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendaburua, alderdikide eta militanteekin

Iñaki Mugicak Lasarte-Oriako PSE-EEko idazkari nagusiak eman dio hasiera hitzorduari; Itxasoren aurkezpen labur bat egitearekin batera, horren ibilbide politiko zabala azaldu du. 

Espainiako Gobernuak Euskal Automia Erkidegoan duen ordezkari gisa aritu da protagonista azken legegintzaldian, eta zeregin horren gainean ere hitz egin du Mugicak. Esan du Itxasok lortu duela "garrantzia duen postu hori itzaletik atera eta balioan jartzea". Kargu horri, ordea, uko egin dio, berriki, itxasok, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburu izateko. Donostiako Udaleko zinegotzi eta alkateordea izan den Marisol Garmendiak hartu dio lekukoa orain; aurrerantzean bera izango da zeregin horretan arituko dena. 

Protagonistaren hitzak

Itxasok berak hitz egin du gero, eta aretoan bildutakoak agurtzearekin batera orain arteko bere karguari buruz hitz egin du. Datozen apirilaren 21eko hauteskundeei begira jarri da gero, eta PSE-EEk Euskadin duen "babes zabalaz" mintzatu da: "Sinetsita nago babes hori  gure alderdiak  elkarbizitzaren alde eta herrialdea egituratzeko egiten duen ahaleginaren eraginez dela". Gauzak horrela, horietan boza ematearen garrantziaz ohartarazi ditu militanteak: "Tradizionalki parte hartze handiagoa izaten da hauteskunde orokorretan. Jendeak sentitzen du hezkuntza, osasuna, segurtasuna, pentsioak eta beste hainbat arlo jokoan daudela, baina, horiek, hauteskunderen batean jokoan sartzen badira, autonomikoetan da".