Golf plazako bizilagunek arazoak dituzte azpiko garajeetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 07:30
Plazako belaze eta zuhaixketako bat. Argazkia: Golf plazako bizilagunak.

Atsobakar auzoko Golf plazan bizi diren bizilagunak TXINTXARRI-rekin harremanetan jarri dira duela urte batzutatik hona bizi duten egoeraren berri emateko. Azaldu dutenez, enparantza horretan dauden belaze eta zuhaitzen ondorioz, ur asko jaisten da azpian dauden garajeetara eta arazoak eragiten ari da, adibidez, azpiegitura horren isolamendua gero eta urriagoa izatea.

Aipatu arazo horri aurre egite aldera, Milla Administrazioak enpresaren bitartez arkitekto bati txosten bat egitea enkargatu zioten. Konponbidea, hauxe: plazaren lurra altxatzea eta iragazgaitzea. Bizilagunek esan dute lan horiek udalaren jarraibide batzuk kontuan izan beharko lituzketela, eta, horregatik, gastuen zati bat bere gain hartu beharko lukeela erakunde horrek. Edonola ere, momentuz behintzat ez dago prest; hori izan zen udal ordezkariekin izandako bileran jaso zuten erantzuna. Garajeen konponketak, berriz, bertan bizi direnek pagatuko lituzkete.