Amaia Lopez de Luzuriaga: "Giroa eta parte hartzea itzelak izan dira"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 08:00
Amaia Lopez de Luzuriaga, Muntteri AEKren bulegoan, 1.362. kilometroaren kartela eskuetan.

AMAIA LOPEZ DE LUZURIAGA LASARTE-ORIAKO KORRIKA ARDURADUNA

Eskerrak eman dizkie Korrika Egunean eta aurreko ekimenetan parte hartu duten herritar guztiei. "Ez dut ezagutzen Euskal Herri osoan Lasarte-Oriakoa bezalako aurkezpen galarik".

Korrikak "bizipen asko" ekartzen dizkio gogora Amaia Lopez de Luzuriagari, Muntteri AEK euskaltegiko langile eta aurtengo Lasarte-Oriako Korrika arduradunari. "Korrika Txikian parte hartu dut ikastolan, AEKren lantalde orokorrean lan egin dut Korrikaren bost alditan, familiakoekin lekukoa eramateko aukera izan dut... Gauza izugarria da, aberastu eta bete egiten nauena". Euskararen aldeko egitasmo horrekin lotutako esperientzia bildumari herriko koordinatzaile izatearena gehitu berri dio eta horretaz jardun da TXINTXARRI-rekin. 

Hilaren 19a izan zen Korrika Eguna gure herrian. Nola baloratzen duzu?

Oso pozik nago, egia esan. Giroa eta parte hartzea itzelak izan dira, Urnieta bidetik bertatik hasita. Herritarrak ez zeuden lekuko aldaketen guneetan soilik, ibilbide osoan zehar baizik, baita hasierako tarteko baserrietan ere. Lanbro artean iritsi zen 23. Korrika eta xarma eman dio horrek. Argia falta bazen inon, partaideek eman zioten kolorea.

Horrenbeste denboraz itxaron eta gero azkar batean pasa zen Korrika. Zenbat lan egin behar izan duzu egun berezi hori eta aurretiko girotze ekimenak antolatzeko?

Izeberg baten modukoa izan da, kanpotik punta bakarrik ikusten da baina txingurri lan izugarria dago azpian: bai antolatzaileon partetik, bai herritarrenetik ere. Lasarteoriatarrek beti izaten dute zer eskaini eta aurten ere hala izan da, Korrika Batzordera asko etorri dira eta denak agertu dira prest laguntzeko, bidea erraztu du horrek. Ez naiz bakarrik sentitu.

Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten guztiei. Agian egongo da baten bat, baina ez dut ezagutzen Euskal Herri osoan Lasarte-Oriakoa bezalako aurkezpen galarik. Hori azpimarratu nahi dut. 

'Bizkarsoro' filmaren emanaldiarekin ekin zenioten Korrika Kulturalari. Josu Martinez zuzendaria gonbidatu zenuten kultur etxera, ikus-entzuleekin hitz egitera. 

Okendo Zinema Taldearekin batera antolatu genuen jarduera hori eta esan digute ehun bat pertsona joan zirela ekitaldira; normalean 60-80ren bueltan ibiltzen dira. Pelikula emateaz gain zuzendariarekin hitz egiteko aukera izateak xarma berezia eman zion, esperientzia atsegina izan zen.

Hurrengo ekimen azpimarragarria Ttakunenean egindako bakarrizketa eta solasaldia izan ziren. Bea Egizabal ederki aritu zen beti bezala eta interesgarria izan zen euskaldundu diren herritarren lekukotzak entzutea, AEKn ikasitakoak dira bost eta Udal Euskaltegian aritutakoak bi.

Ez da kasualitatea bertso saio musikatuaren balorazioa ere oso ona da horrenbeste jende etorri ez arren, izan ere, Donostian egindako Palestinaren aldeko manifestazioarekin bat egin zuen. Ikus-entzuleekin nahiz partaideekin hitz egin nuen eta pozik zeuden egindakoarekin.

Motiboak ditugu pozik eta harro egoteko. Zaila egiten zait pentsatzea aurtengoa nola gainditu hemendik bi urte barru...

Lehen aldiz izan zara Lasarte-Oriako Korrika arduradun, ezta?

Bai. Ikuspegi desberdin batetik ezagutu dut Korrika. Euskal Herrikoa banuen, bost alditan lantalde orokorreko kide izan nintzelako, baina eskualdekoa ez. Lan zaila ez da izan baina bai handia, gauza asko koordinatu behar dira jende askorekin hitz eginda.

Zenbat denborako lana izan da hau guztia antolatzea?

Batetik, nazio mailako antolaketa lana dago, etenik ez duena. Aurtengoa bukatu bezain laster etorriko dira balorazio bilerak eta 24. aldiaren prestaketa. Korrika izaten ez den urteetan erabakitzen dute non hasi eta non bukatuko den, baita ibilbide osoa ere. Lasarte-Oriaren kasuan, arduraduna ikasturte hasiera aldera hasten da Gipuzkoako batzordeetara joaten, urrian, herrian egin beharrekoa prestatzeko gero.

Zer da Korrika zuretzat?

Bizipen asko ekartzen dizkit gogora. Korrika Txikia egin ikastolan, helduaroan lagunartean bizitu batetik eta AEK-ko lankideekin bestetik, bost alditan lantalde orokorreko kide izan naiz, lekukoa eramateko aukera izan dut familiarekin... Gauza izugarria da, asko aberastu eta betetzen nauena.