Eneko Mendizabal herritarra ergometroko Espainiako txapelketan lehiatu da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 20a, 13:15
Eneko Mendizabal (ezkerrean) Hernaniko Arraun Elkarteko kide eta entrenatzailearekin. Arg.: Hernaniko Arraun Elkartea

Hilaren 9 eta 10ean, Espainiako arraun ergometro txapelketa jokatu zen Sant Jaume D'Envejan (Tarragonan). Proba guztien artean, arraun egokituko lehiaketa ere izan zen eta Hernaniko Arraun Elkarteko kide den Eneko Mendizabal herritarrak parte hartu zuen taldekide Leire Troitiñorekin batera

Mendizabalek 2000 metroko proba egin zuen beste zortzi kirolariren aurka eta seigarren postuan amaitu zuen lehia, bosgarrenarekin berdindua. 

Lehen aldia da herritarra horrelako txapelketa batean lehiatzen dena eta arraun elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez, "Arraun-ergometroko Espainiako txapelketak, iazkoarekin alderatuz, maila altuxeagoa izan du, eta halere, Leirek eta Enekok lan ederra egin dute estreinako lehiaketa zutela kontuan izanik".

San Pedroko Testa

Uretara eginez, traineruek denboraldi aurreko azken jardunaldia izan zuten hilaren 16an, Pasaian, San Pedroko XV. Test estropada. Erlojupeko modura lehiatu zen proba eta herritarrak dituzten Hondarribia eta Donostia Arraun Lagunak bertan izan ziren borrokan. 

Lehia estua izan zen lehen postuetan. Donostiarra izan zen garaile (10.38,98) eta gutxira geratu zen Donostia Arraun Lagunak (10.40,98). Hondarribia, aldiz, seigarren (11.01,63) izan zen.