Diego Elbira: "Lotsa sentitzen duzu, egia da, baina hori ere pasa egiten da"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 14a, 13:03

Zumaburu baino urrutixeagokoa da Elbira, Kotxerasekoa. Edonola ere, oso antzekoak ziren egoera eta ingurua duela hamarkada batzuk: erdaldunak. 18-19 urte zituenean erabaki zuen euskara ikastea, institutu garaian euskaldun ugarirekin harremandu eta lagunekin festak egiten hasi zenean. "Integratzen" lagundu dio euskarak.

"Haurra nintzenean urrutitik ikusten nuen euskara, edo, hobe esanda, ez nuen ikusten", adierazi du herritarrak. Hizkuntza horrekin harremantzen hasi zen institutura joaten hasi zenean: "Ingurukoak hitz egiten entzuten nituen baina ez nuen tutik ulertzen". Integratu egin nahi zuenez, 18-19 urterekin izena eman zuen AEKn, eta, kontatu duenagatik, ez zaio damutu: "Zortea izan nuen taldea oso polita zelako. Eskolak emateaz gain, afariak-eta egiten genituen, ikasi genuen kalean ibiltzerakoan euskara nola erabili". Bide horretan, kuadrillako lagunen laguntza ere izan du. "Lotsa sentitzen duzu, egia da, baina pasa egiten da hori ere". 

Euskaraz espresatzeko gai izatea zen Elbiraren helburu nagusia, eta lortu duela erakutsi du, bere hitzartzea gogoeta honekin biribilduta: "Ea gai honen inguruko tabuei heltzea lortzen dugun, denon artean".