Kate historikoa ezin da eten

Jexux Artetxe 2023ko urr. 20a, 07:30

Joandako asteburuan milaka gazte euskaldun bildu ziren Iruñea inguruan, Mugimendu Sozialistak deituta. Euskal ezkerraren esparruan, hautsak ederki harrotu dituen korrontea gorpuztu dute. Oihartzun handiko dinamika dela egiaztatu zuten, berriro ere. Zalantzarik gabe, ulertzen saiatu behar garena. Nolanahi ere, egin dituzten hitzaldien ondorioen artean, "belaunaldien haustura" bilatzen ari direla azpimarratu dute prentsari agertu dizkienetan. Gazte hauen gogoeten muina puntu horretan jartzea oso deigarria iruditu zait.

Egia esan, historia zerotik hasteko grina hori ezaguna zaigu gure herrian. Sasoi batean, jende askok Carpe diem lokuzio latinoa goresten zuen. Egunean bizi behar zela, iraganaren esperientziari destainaz eta geroaren ardurarik gabe. Aldiz, gaur egun kezkatzen gaituena alderantzizkoa da. Oraingotasun azeleratu batek gatibatuta bizi omen garelako. Agian, Benito Lertxundik irudikatutako “denbora ttipiaren araudia” nagusitu zaigula eta, arriskuez ohartarazi beharko gintuen oroimenik gabe, harrapaturik gauzkan labirintoaren atariraino ekarri gaituela kexu gara. 

Dudarik gabe, garaian garaikoaren zentzua ez da galdu behar, bizi dugun aldiak berariazko zereginak dakarzkigu eta. Ikuspegi abertzalearentzat ordea, historia etenik ez duen katea da. Euskal belaunaldien arteko segidak bermatu duelako baikara milaka urteko iraunaldia izan duen herria. Izan ere, esperientzia historikoaren irakaspenetatik sendotu da gure herria subjektu gisa. Igarobide historiko horren jabe izateak jarri baikaitu etorkizunaren jabe izateko bidean. Horregatik, herria fluxu historikoa da. Azken batean, belaunaldi bakoitzak aurrekoek utzitako guztiarekin hautsi ahal izango balu, aurrerabide historikoaren ideia erabat gezurtatuta geratuko litzateke. Zorionez, historiaren katea ezin da nahierara eten.