Zorionak!

Aizpea Amas 2023ko urr. 6a, 07:00

30 urte. Azkar esaten da. TXINTXARRI-n argitaratutako gertakizun guztien lekuko ez, baina garaikide izan naiz, beraz, gaztaroa utzi eta helduaroan sartuak izango garela esan beharko dugu, batzuk 40 urtetatik 30etatik baino gertuago gaudela onartuta.

Urteurren horren ospakizunen barruan, ibilbide horretan publikatutako azalen erakusketa jarri dute Jalgi Kafe Antzokian. Lerro hauen bidez, erakusketara joateko gonbidapena luzatu nahi diet herritar guztiei, Lasarte-Orian barrena, denboran bidaia bat egin ahal izango baitute.

Herriaren eraldaketa erakusten dute zenbait azalek. Urte batzuk ditugunok garunean iltzatuta geratu zaigu garai bateko Okendoren irudia, frontoiarekin, petrilarekin, eta, nola ez, palmondoarekin. Nerabe ginela, lagunarengandik metro bateko distantzia mantenduta dantza politak egindakoak gara haren alboan. Froilan Elesperen hilketa, Euskaldunon Egunkariaren itxiera, atxiloketak… Duela ez han gutxi arte barerik eta bakerik ez zela oroitarazten dizkiguten gertakizunak. Uholdeak eta pandemia bat ere bildu ditu TXINTXARRI-k. Eta nola ez, euskarak izan du tartea: Euskararen Maratoia, Korrika…

Azal guztien artean, ordea, bada bat arreta piztu didana: Txintxarriren trapu zaharrak (1997). Argazki erreportaje baten bidez, aldizkaria argitaratzeak atzean duen lana azaleratzen dute hainbat orritan: aldizkariaren edukiak erabaki, informazioa bildu, komertzial lanak egin, telefonorik gabe geratzeak sortutako buruhausteei aurre egin (pentsa egun Internet gabe geratuko bagina), argazkiak atera eta argazki dendara eraman, maketatu…

Jada ez dago argazki dendara joan beharrik aldizkari bat publikatzeko. Internet eta digitalizazioak kazetarioi lana erraztu badigu ere, astean behin euskarazko aldizkari bat argitaratzeak atzean lan handia dauka oraindik ere. Eta batik bat sortu diren erronka eta zailtasun guztiak gainditu eta 30 urteren ondoren oraindik ere gure postontzietan aurkitu ahal izateak. Zorionak TXINTXARRI egin duzuen eta egiten duzuen guztiei euskara eta Lasarte-Oriako berriak gure etxeetara ekartzeagatik. Bejondeizuela! 

Erlazionatuak

Zer moduz?

Txintxarri Aldizkaria 2023 api 28 Iritzia