"Historia, kultura eta bizimoduaren lekukoa da toponimoa"

Adrian Garcia 2019ko mar. 29a, 10:11

Jon Antxordoki Euskara Batzordeko burua, Imanol Goikoetxea Ikermapekoa eta Juanito Bereziartua euskara teknikaria.

Imanol Goikoetxea Ikermapeko zuzendaria.
Lasarte-Oriako toponimia azterketaz arduratu da Goikoetxea, agiritegietan arakatzen eta herritarrei galdetzen. Hirigintzako hazkunde handiak galarazi ditu leku izen asko.

Toponimiak inguru bati buruzko informazio osoa du; historia, kultura, ondarea... Lekuaren gaineko informazio asko jasotzen dute toki izenek, antzinako bizimoduko aztarna biziak baitira. Ondare hori kontserbatzeko, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko toponimia biltzen duen ikerketa argitaratu du, eta mapa batean dago ikusgai, sarean: http://toponimia.lasarte-oria.eus/.Ikermap enpresa arduratu da horretaz. Imanol Goikoetxea (Donostia, 1960) da etxe horretako zuzendaria; beste hainbat herritan ere aritu da leku izenak aztertzen.

Zer informazio ematen digu toponimiak?
Ondare kulturala, historia eta bizimoduaren lekukoa da toponimia. Gainera, euskalkiaren funtzionamenduaren gakoa ere ematen digu.

Nola bilatzen dira antzinako toki izenak?
Hiru atal ditu azterketa moderno batek. Batetik, ahozko jasotzea. Bestetik, ikerketa dokumentala agiritegietan. Gero, bi atal horiek kontutan hartuta, toponimia formak arautzen dira. Laugarren atal bat ere badago, normalizazioarena, baina hori gizartearen esku dago.

Aurretik ere egin dira Lasarte-Orian toponimia azterketak. Zer berezitasun du honek?
Aldez aurretik ahozko jasotzeak egin dituzte, eta orain, guk horiek dokumentatu egin ditugu.

Ahozko jasotzea eta agirietako ikerketak lotuta egongo dira, ezta?
Dokumentuak aztertzen dituzunean, aldez aurretik ahozko toponimo bezala agertzen ez den leku izen bat agertu daiteke. Gutxi gorabehera non dagoen asma dezakezu; baserri bati lotuta dagoen, kaleko etxe bat den... Bertako lekukoei galdetu diezaiokezu berriro, eta agian ahozko forma ere jaso dezakezu.

Nora jo duzue ahozko bilaketa egiteko? Pertsona zaharrenek al dute informazio gehiago?
Informatzaile onen bila jotzen dugu. Adina garrantzitsua izan daiteke, baina zahar guztiek ez dute toponimia menderatzen. Badira ondare hori buruan duten adin ertaineko pertsonak.

Zein da informatzaile onaren profila?
Normalean bertan jaiotako jendea da; lanarengatik edo bizi jarduerarengatik leku izenen ezagutza hori dute, erabili egiten dituztelako. Bi informatzaile mota daude: landa lurrekoa, eta kalekoa.

Arazorik izan al duzue Lasarte-Orian toponimoak aurkitzerako garaian?
Hirigintza hazkundea oso handia izan da azken hamarkadetan, desitxuratu egin da aldez aurretik zegoen egitura espaziala, eta horrek baserri pila bat suntsitu ditu; horietako bakoitzak sortzen zituen bere toponimoak. Bestalde, desagertu diren etxe zaharren izenak berreskuratzea oso zaila da, erreferentzia argirik ez dagoelako.

Lasarte-Oriako Udala 1986. urtean eratu zen. Beste udal artxibategietan ikertu behar izan duzue, ezta?
Aberatsena Hernanikoa izan da, zalantzarik gabe. Urnietakoa erre egin zen Karlistadetan; artxibategi hori nahiko zoritxarrekoa izan da. Donostiakoan ere ibili gara.

Beste herri batzuen azterketa toponimikoak ere egin duzu, kasurako, Azpeitiarena eta Errenteriarena. Lasarte-Orian nabarmenduko al zenuke zerbait?
Agian ez da politikoki zuzena esatea, baina egia da: urria da toponimia. Oso aberatsa da kalean; aldiz, landa aldean ez horrenbeste. Nire ustez, oso lotuta dago izan den jabego motarekin. Baserritar guztiak maizterrak ziren, eta, ziurrenik, familia bakarra zen lurren jabe. Hortaz, toponimoak ez ziren horrenbeste behar, ez zeudelako lur amankomunak... Sortu dira toponimo asko, kalitate ez onekoak deitzen diegunak: etxeazpia, etxegaina, etxaburua, etxeondoa... oso orokorrak dira.

Aurkitutako bitxikeriren bat azal dezakezu?
Badira batzuk. Sarobe edo Korta topatu dugu. Sarobea da jabego mota bat. Ustiapen pribatu bat da, jabegorik gabe, lursail amankomunetan. Hori Lasarten egotea oso gauza arraroa da; ziurrenik, okendotarren boterea sortu aurretikoa da. Alegia, oso atzera jo behar dugu. Sarobe baten erreferentzia dokumental bat agertzen da, XV. mendekoa, Elkezabal baserriaren inguruan. Oso bitxia da hori.

Baserrien izena hartzen dute auzoek, Sasoeta, Basaundi... Ohikoa al da hori beste tokietan ere?
Auzoen izendapena erabaki politikoa da; udalak hartzen du. Ohorezko izenekin izendatu dezakezu, bertako seme-alaben omenez, izen erlijiosoekin edo bestelakoekin. Edo jatorrizko toponimiarekin. Azken hori askoz ere kulturalagoa da.

Askori bitxia egiten zaie Atsobakar auzoaren izena, batez ere, kontuan hartzen bada zaharren egoitza hortxe dagoela. Izen horrek ere zerikusia du baserri batekin, ezta?
Bi baserrirekin, hain justu. Izen baten aldaketa proposatzeko oso arrazoi indartsuak behar dituzu, eta ez ginen hori egitera ausartu. Baina dokumentazioan ez dator beti atsobakar. Egia da izena bitxia dela: Atsobakar zaharren egoitza. Atsodacar, asodacar... Forma asko agertzen dira. Auzobakarretik etor daiteke, edo dakar aditzetik.

Hirigunean erreka asko dokumentatu dituzue. Hain zuzen, hortik dator Lasarte hitza. 
Bai, hirigune guztietan hori gertatzen da. Inguru naturalean egin dira hiriak, eta ohikoa da errekak egotea, batez ere ipar isurialdeko Euskal Herrian. Latsa da errekaren izen zaharra euskaraz, eta lats artean esan nahi du Lasartek.