Imanol Goikoetxea: “Toponimo gehienak euskaraz”

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 13:00

Euskararen 9. Maratoiaren harira, Lasarte-Oriako Euskara Batzordeak Lasarte-Oriako toponimiari buruzko erakusketa antolatu du Antonio Mercero aretoan. Imanol Goikoetxea Ikermap-eko kidea izan da toponimia ikerketa zuzendu eta erakusketa antolatu duena. Harekin izan gara Lasarte-Oriako toponimiari buruz gehiago jakiteko.

Toponimia leku-izenak aztertzen dituen onomastikaren atala da. Toponimoen jatorriak, esanahiak, erabilerak eta motak aztertzen ditu. Lasarte-Orian ikerketa toponimikoa egin da eta hainbat bitxikeria daudela jakin dugu.

Zergatik sortu zen azterketa toponimikoa egiteko beharra Lasarte-Orian?

Esan behar da ikerketa toponimikoa egiteko beharra Euskal Herria osoan dagoela. Behar hau sortzen da, gehienbat, ahozko transmisioan eten bat eman delako XX. mendean gure gizartean. 

Jakin behar da sortu zirenetik toponimoen ahozko transmisio bat egon dela belaunaldiz belaunaldi. Etxeko sukaldean, mendiko lanetan, eta eguneko eginkizun guztietan toponimoak erabiltzen ziren lan-tresna bezala.

Industrializazioak eta honen ondorioz sortutako gizarteak toponimoen funtzionalitatea aldentzen dute. Eta gaurko egoera pixka bat latza da: informanteak –ahozko transmisioaren katearen azkeneko katebegia- joaten ari zaizkigu eta gero eta kopuru gutxiago dugu.

Beraz, ikerketa egiteko beharra ez da sortu, hor baitzegoen.

Nola egiten duzue ikerketa toponimikoa? 

Ikerketak hiru atal nagusi ditu: ahozkoa, dokumentala eta arautze-fasea.

Lehena dokumentala izaten da, lekuko dokumentalen bila ibiltzen gara agiritegi historikoetan, hala nola, udal agiritegiak, Simancasekoa, elizbarrutikoa, eta abar luze bat. Gero, iturri bibliografikoak eta hemerografikoak gehitzen dira. Eta azkenik, datu base bat sortzen dugu honekin. Bitxikeria kuantitatibo bezala,  600 dokumentu inguru ikertu dira, horietatik 151 dokumentuetan datuak aurkitu ditugu, eta guztira 3.500 lekuko jaso dira. Dokumenturik zaharrena 1404koa da (600 urte baino gehiago!) eta hor bitxikeria hau aurkitu dugu: Martin Martinez de Lizalde y doña Catalina de Orendain, su mujer, venden a Martin de Irureta y a doña Navarra de Zabaleta la ferreria de Lasarte con todos sus enseres y medio molino con los montes y tierras que llaman Asodacarr... Hau da gaurko Atsobakar auzoaren aurkitu dugun zitarik zaharrena.

Behin hustuketa dokumentala eginda, ahozko erabilpenaren berri jasotzen da. Informanteak aukeratzen dira eta haiei galdetzen zaie bertako toponimoez. Honen emaitzarik zuzenena gaurko izenen ahoskera da, hau da: nola esaten den.

Bi datu hauekin (idatzitako bilakaera historikoa eta ahozko forma), Euskaltzaindiak plazaratutako eta gomendatutako arauei eta irizpideei jarraituz, toponimo bakoitzeko idazteko forma proposatzen da.

Lasarte-Orian zein arlo ikertu duzue? Kale-izendegia, baserri izenak, auzoak, herriaren izena bera…?

Ahal izan dugun arlo zabalena ikertu dugu. Kontutan izan toponimoek dena izendatzen dutela: etxeak, soroak, akzidente geografikoak, errekak, basoak, kaleak, lantegiak... Ezin dugu esan mota hauetako toponimoak ikertuko ditut ditugu eta beste mota honetakoa ez, ez legoke ondo.

Oinarririk izan al zenuten Lasarte-Orian lan egiterakoan?

Bai, zorionez. Aldez aurretik egin ziren lan batzuk. Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, 1989an Aranzadi Elkarteak ahozko bilketa egin zuen. Lan honek, behintzat, bermatu du toponimo askoren kokapen zehatza. Kontutan izan lan hau egin zen garaiko informante asko joan zaizkigula, eta badela toponimo sorta bat gaur egun inork ez ezagutzen ez duena. Kalkulatzen dut 30-40 toponimo ezin izan ditugula ahoz konprobatu; aurreko lan horri eskerrak, hor ditugu.

Gure herrian zein jatorri dute toponimia izen gehienek? 

Ez dago Lasarte-Orian berezitasun aparterik toponimoen jatorriari begiratuz. Inguruetako lurraldeetan bezala, toponimo gehienak euskaratik datoz eta nahiko gardenak dira euskal hiztunentzat. XVIII eta XIX gizaldietako modari jarraituz, etxe berrien izenak gaztelaniaz jartzen ziren, exotikoagoa edo jantziagoa ikusten baitzen. Hortik Buenabista (gaztelaniazko Buena Vista-tik), Mirakanpos (gaztelaniazko Mira Campos-etik) eta antzekoak.

Toponimia aztertzerakoan bitxikeriak aurkituko dituzue, noski. Lasarte-Orian ba al da horrelakorik?

Beno, niretzat bitxikeriarik politena Uistin baserriaren jatorria da. Suediako Vadstena hiritik dator, Santa Brigitaren jaiolekua eta bertan lehen Brigitarren lekaime-komentua sortu zen. Miguel de Okendok, XVII. Mendean Lasarteko Brigitarren komentua eraikitzen duenean hainbat etxe laguntzaile gisa egiten ditu, tartean Garro (gaur zutik dagoena) eta Uistin. Baina Uistin ahozko bilakaera luze baten ondorioz heldu zaigun izena da, jatorriz Ubasten zen, Vadstena suediar hiria izendatzeko Miguel de Okendok erabiltzen zuen forma. Kasualitatez Vadstenan jatorria duen suediear neska bat ezagutu nuen eta esan zidan bertako dialektoan azken –a hori ez dela ahoskatzen, beraz Vadsten edo antzeko bat erabiltzen da. Vadsten-etik Ubasten-era bide luzeegia ez dago.

Beste bitxikeria Atsobakar da. Dokumentu zaharrenek ez dute forma hau jasotzen, orokorrean amaiera –dakar izaten da. Patxi Salaberriri, Nafarroako Unibertsitatean irakasle eta Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeburua, galdetu nion hitz honi buruz eta gauza bitxia esan zidan: frogatzerik ez dago, baina –dakar amaiera duten beste toponimo ezagutzen dira eta ziurrenez garraioari lotutako jarduera frekuentzial bati dagozkie, Beidakar bezala, nahiko arrunta Nafarroan.

Nola otu zitzaizuen hau guztia erakusketa batean erakustea?

Erakusketaren funtzioa hirukoitza da. Alde batetik prozedura administratibo baten urrats bat, azken finean toponimoen ofizialtasun bat behar dugu eta prozedura hau derrigorrezkoa da.

Beste bi arloak interesgarriagoak dira toponimiaren ikuspuntutik. Alde batetik, herritarrei erakustea eta, ahal den neurrian, irakastea bertako toponimia zer den, zer nolako aberastasuna dagoen eta abar. Hau da, ezagutza plazaratu eta ez apal batean gorde.

Eta beste aldetik, garrantzitsuena: erakusketara hurbiltzen diren pertsonek agian zer edo zer iradoki, gehitu, lagundu, konpondu edota aztertu dezakete. Hau da, toponimiaren jakinduria ez dago liburuetan eta gai honetako espezialistetan, herrian baizik. Jakinduri herrikoia da eta horrela hartu behar da, apaltasun osoz. Beraz, etor daitezkeen ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira.

Beraz, zer ikusi ahalko dute herritarrek erakusketan?

Erakusketa oso bisuala izango da. Bertan mapa eta argazkien bidez Lasarte-Oriako toponimo guztien kokapenak ikusi ahalko dira. Adieraziko ditugu, baita ere, dauzkagun hutsuneak (orain 60 urte desagertu zen etxe baten izena, adibidez) eta zalantzak.

1954. urteko ortoargazki bat lortu dugu, benetan kuriosoa, eta bertan orain 60 urte direla nola zen gure herria aski ondo ikus dezakegu.