Sorgin Jaiek 15 urte beteko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 16a, 21:45
None
2016 urteko San Pedro Jaietan hamabost urte beteko dira Sorgin Jaiek lehen harritxoa jarri zutenetik. Kokaleku eta antolakuntza talde ezberdinak izan dira urte hauetan guztietan, baina beti izan dute argi, eta erakutsi dute, festa eredu alternatiboa Lasarte-Orian posible dela.

San Pedro Jaietako egitarau berezia aurkeztu du Sorgin Jaiak gaur arratsaldean, 15. urteurrenekoa. Aner Lozano eta Jone Yeregi izan dira hizlariak.

Sorgin Jaietako kideek azpimarratu modura, “nork esango zukeen, orduan, txosnen debekua eta gero, oraindik ere mantenduko genituela oztopo guztien gainetik” .
Agerraldian gogoratu zutenez, “duela 15 urte Udalak ezarri zuen debekuarekin jarri genuen lehen harritxoa, kioskoaren okupazioarekin koloreztatzen hasi ginen egun ezagutzen ditugun festak” .

15 urte hauen errepasoa ere egin dute: “Kamioi Rock ekintza sendotzeari ekin genion, anbulategi zaharreko txosnak izaera eta festa alternatiboak egiteko gai ginela erakutsi digu. Loidi Barrengo guneak gorputza eman du eta Okendoko txosnak duela 15 urteko ameslarioi arrazoi ematen digu”.

Omenduak

Era berean, aurtengo omenduak ezagutzera eman dituzte: “15 urte hauetan, barre, negar, txosna desmuntatu, amestu, mozkortu, elkar ezagutu, maitatu, txandak egin, borrokatu, sinetsi, bileretan parte hartu, dantzatu, txosna muntaia egin,... azaldu ezin diren gauzak eta sentimenduak gertatu zaizkigu, ondorioz bizipen hauek Sorgin Jaietan izan dituztenen omenez botako dugu txupina”.

Honetaz gain, eskerrak ere eman dizkiete agerraldian, “eskerrik asko lanean aritu zareten guztioi, parte hartu eta parte hartuko duzuenoi eta besarkada bat parte hartu ezin duzuenoi”.

Hamaika ekintza

Sorgin Jaietako lagunek ekainaren 28an emango diete hasiera ospakizunei, 21:30ean. 

Hala ere, bi ekintza izango dira aurretik. Ekainaren 27an, 17:00etan, umeentzako jolasak izango dira Okendo plazan eta ekainaren 28an bertan, 19:30ean, ohitura bihurtu den koadrilen jaitsiera. 

Musika arloan, San Pedro egunean, Elebeltzetik aterako den Kamioirocka izango da. Gozategi, Bar Remigio, Hilotz eta Bolbora, Elektrotxufla, Sutura, Txapel Punk, La sombra del vaso, Joxe Replay edo Bad Sound System taldeek alaituko dituzte egunak.

Kokalekuei dagokionez ere, aurten leku berrikuntzak daude. Ekainaren 30ean, Landaberri BHI aurrean egingo dira ekintza gehienak eta uztailaren 1eko arratsaldeko kontzertuak Villa Mirentxun izango dira.

Lehiaketak ere izango dira, egitarauan ohikoak diren Oriako jaitsierari, bakailao txapelketari edo mus txapelketari orain patata tortila lehiaketa gehitu zaio.

Askariak ere izango dira, San Pedro egunean sorgin afaria eta ekainaren 30ean afari potea. Bitartean 15 urte hauetako atzera begirakoa egingo da bideo emanaldi baten bitartez.

Umeek ere izango dute tartea. Ekainaren 30ean izango  da  hori, Irrien Lagunak eta Rafafa eta Toni magoaren eskutik.