LOOPA plataforma: "Ikusi dugu haserrea eta kezka kalean daudela"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko api. 19a, 09:46
LOOPAKO zenbait kide, elkarren artean solasean.

LOOPA plataformarekin elkartu da TXINTXARRI manifestazioa egin eta egun batzuetara. Ekintza horren balorazio "oso positiboa" egin dute partaideek: "Espero genuena baino jende gehiagok parte hartu du; ikusi dugu kalean dagoela haserrea eta herritarrek euren ezinegona adierazteko gogoa dutela". Balioan jarri dute "adin eta kolore desberdinetako pertsonek" bat egin izana. Eragilearen sorreraz, aldarrikatzen dutenaz eta jarraitzeko duten asmoaz ere jardun dira.

Mobilizazio horren ostean, zer? Plataformako kideek esan dute ideiak badituztela baina biltzen eta hitz egiten segi behar dutela datozen aste eta hilabeteetako bide orria definitzeko. Hori bai, ziurtatu dute euren jarduna ez dela orain bukatuko, noiz eta martxa hartu berri dutenean. Herri plataformen koordinakundeak proposatutako sinadura bilketa abian jarri dute eta hilaren 12ko manifestazioa baino lehen 1.200 bat bildu zituzten. Manifestariak osasun zentrora iritsi eta komunikatua irakurri ostean makina bat atxikimendu gehiago jaso zituzten. "Oso denbora gutxian eta zeregin horretara indar berezirik bideratu gabe, firma mordo bat jaso ditugu. Ez dakigu zenbat diren zehazki, aurreko egunekoak kontatu gabe ditugulako".

"Polita izan da elkarren berri ez genuen edota bistaz bakarrik ezagutzen ginen herritarrak elkartzea plataforma honetan", azpimarratu dute LOOPAko kideek. "Osasungintza publiko eta kalitatezko baten alde ari gara lanean, ulertzen dugulako herritarren eskubideetako bat dela. Elkarrekin gaude horretan, guztioi eragiten digulako Osakidetzaren gaur egungo egoerak". Ildo horretatik, nabarmendu dute talde irekia dela eta beso-zabalik hartuko dutela egitasmoarekin bat egin nahi duen edonor. Interesa duenak lasarteoriaopa@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar du beraiekin harremanetan jartzeko.

"Lasarte-Orian, zergatik ez?"

Osasun sistema publikoaren gainbeheraren aferak herri ugaritako biztanle asko arduratzen ditu eta urteotan makina bat herri plataforma sortu dituzte tokian-tokian. Zenbait lasarteoriatarrek aurten egin dute urratsa, buruan zuten ideia gorpuztuta: "Donostian-eta egin dituzte manifestazioak, ikusi ditugu eragileak protestan... 'Lasarte-Orian, zergatik ez?', pentsatu dugu". Ekimena abian jartzeko "txinparta", batzuen esanetan, Borobilean Elkarteak urtarrilean zaintzari buruz aurrera eraman zuen saioa izan daiteke. "DOPA Donostia Osasun Publikoaren Alde plataformako kide Kontxi Rebollo izan zen hizlarietako bat eta eman zigun zer pentsatua". Gerora, pertsona horrekin bildu dira Lasarte-Oriako taldea martxan jartzeko. "Berarekin hitz egiteak lagundu digu proiektuari forma ematen".

Plataforma bat eratu, zertarako? "Herritarren kezka bati bidea emateko modua da, gaia lehen lerroan jarri eta desberdinen arteko eztabaida gune bat sortzekoa. Izan ere, osasungintza publiko eta kalitatezko baten alde lanean ari garela argi dugu baina horren baitan ikuspegi diferenteak egon daitezke". Talde bat abian jartzerakoan "arazoetako bat" jendea erakartzea izan ohi den arren, LOOPAri ez zaio gertatu: "Oraindik hastapenetan gauden arren, inori etortzeko eskatu gabe ere asko izan dira bertaratu direnak". Kideetako batzuk, esate baterako, jubilatuak dira: "Iruditzen zaigu eragile honen bidez aukera izan dutela euren kezka azaleratzeko; hori bada horrelako egitasmoen balioetako bat, gure ustez".

Gardentasun falta

"Ea norekin tokatzen zaidan gaur". "Gaur ere hiru mediku falta dira". "Lasarte-Oriako osasun zentroan plantillaren %55 falta da". Horiek dira plataformako kideek entzun dituzten esaldietako batzuk, gure herriko osasun zentroaren egoerari buruzkoak. Panorama zehatza zein den, ordea, ez dakite, informazioa eskatuta ere arduradunek ez dietelako eman. "Arazoetako bat da gardentasun falta, entzuten dugu jendeak esaten diguna baina apenas dugun datu xeherik: LAB sindikatuaren bidez herrikako ratioen berri izan genuen eta ikusi genuen bete gabe zeudela zenbait postu; arazo hori nahiko estrukturala dela dirudi".

Herriko diagnostiko zehatz bat ez izanda ere, gaur egun agerian dauden premia eta arazoetako batzuk zerrendatu dituzte: medikuarenera joateko hitzordua eskatu eta lehen zita hamar egunera izatea, egun bakoitzean mediku desberdin batek artatzea pazienteak, erizainek eurenak ez diren zereginak burutu behar izatea, profesionalen ezegonkortasuna eta estres maila, familia medikuei garrantzirik ez ematea, lehen arretako zerbitzuaren gainbehera... Horri lotuta, honakoa planteatu dute: "Hutsik dauden postu guztiak beteko balituzte ere, profesional horiek zenbat denboraz egiten dute lan hori? Jaiotzetik gaur egunera arte ezagutzen gaituzten profesionalak behar ditugu, gure osasunaren jarraipena luzaroan egingo dutenak. Funtsezkoa da".

Berebizikoa iruditzen zaien beste alorretako bat prebentzioarena da baina arduradunek hori ere ez dute zaintzen. Horren atzean "osasun sistema publikoaren gainbeheraren atzean "estrategia" bat dagoela iritzi diote LOOPAkoek. "Gero eta prebentzio gehiago eta hobea, orduan eta botika gutxiago salduko dituzte, ebakuntza gutxiago egingo... Arazoaren errora eramaten gaitu horrek: nola ulertzen dugu osasungintza? Herritarren beharrak ase behar ditu ala negozioa egin behar dute horrekin?".

Aldizkari hau inprentara bidaltzerako unean LOOPAk aurkeztutako mozio bat eztabaidatzen ari zen udal korporazioa, udalbatzarrean. Udalari galdegin dio Osakidetzako zuzendaritzarekin biltzeko eta "udalerriaren egoera larriari buelta emango dion txoke plan bat aurkeztea eskatzeko".