Julio Gonzalez herritarrak 100 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 18a, 09:46
Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Udal ordezkarien bisita jaso du, Palomo Linares elkartean; bertako bazkide izan da urte luzez. Lore sorta eder bat jaso du Agustin Valdivia alkatearen eta Gizarte Zerbitzuetako buru Lourdes Acevedoren eskutik

Extremadurako La Garganta herrian jaio zen Gonzalez 1924. urtean, 24 urterekin ezkondu, eta laneko arrazoiengatik Frantziara egindako bidaia batean, Errenteriako senideak bisitatzera joan zen. Haiek eskaini zioten herri horretako lantegi batean lanean hastea. Gauzak horrela, emaztea eta seme-alabekin batera, Errenteriara etorri zen bizitzera. Bertan bizpahiru urte egin ostean, Usurbilgo lantokira lekualdatu zuten, eta hori hala izanik, Lasarte-Oriara etorri zen bizitzera. 62 urte egi ditu herrian bizitzen. 

Bi seme-alaba ditu, lau biloba eta birbilobak ere bai. Julio semeak kontatu du, besteak beste "oso ondo dagoela eta azken egunera arte etxean egoteko nahia agertu duela". Azaldu du baita ere egunero-egunero jaisten dela kalera, paseotxoak egitera, eta etxe ondoko kaleko eserleku batean eserita egoten dela. Etxean gimnasia ere egiten duela kontatu du bere alaba Marcek, eta, gaineratu, "oso zoriontsu eta gustura" bizi dela. Aipatu senideek jakinarazi dute eren aitona, hau da, Julioren aita 100 urte eta hiru hilabetez bizi izan zela. 

Ospakizun bikaina egin dute, familian, Palomo Linares elkartean. Festa horrek asteburu honetan izango du jarraipena; larunbatean ere elkartuko baitira omenduaren urtebetetze berezia ospatzen jarraitzeko.