Alex Garcia herrikidea Tailandiatik bueltan ekartzeko laguntza eskatu dute familiak eta lagunek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 14:00
Usoa Martinez eta Alex Garcia. Argazkia: bikotearen lagunak.

Lasarte-Orian bizi dira Alex Garcia eta Usoa Martinez. Senarrak ia bi hilabete daramatza Tailandiako ospitale pribatu bateko ZIU unitatean ingresatuta eta "angustia" betean daude familia eta lagunak, herrikidea ezin dutelako Asiatik hona bueltan ekarri. Besteak beste, crowdfunding kanpaina bat abiatu dute afera honen kostuak finantzatu ahal izateko. Hegazkin medikalizatu bat lortzeko 220.000 euro ordaindu dituzte baina ezin izan dute erabili. Euren itxaropen bakarra, kontatu dutenez, Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak abioi bat pleitatzea da. 

Tailandiara bidaiatu aurretik medikuarenera joan zen Garcia, egun batzuk zeramatzalako botaka egiten eta beherakoarekin. Ez larritzeko esan zion, aireak izango zirela. Diagnostiko horri men egin eta Asiara joatea erabaki zuen bikotearekin batera baina ez zuen hobera egin. Kontrara, otsailaren 25ean Tailandiako ospitale pribatu batean ingresatu behar izan zuten eta pankrearen ia erdian nekrosia zuela atzeman zioten. Garciaren emazteak Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean kontatu duenez, erietxe horretako "lehen arretako langileek" salbatu diote bizia.

Garcia bizirik dago oraindik baina "egoera oso larri batean" eta Euskal Herrira itzuli ezinik. Bidaiarekin batera kontratatu zuten aseguruaren 100.000 euroak gastatu dituzte honezkero eta, gainera, 220.000 euro gehiago ordaindu dituzte azkenean erabili ezin izan duten hegazkin medikalizatu bat kontratatzeko. Egoera horren aurrean, familiak eta lagunek duten "itxaropen bakarra" da Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak ezaugarri horiek dituen abioi bat pleitatzea da. Margarita Robles ministroak esan die Garciaren kasua "aztertu" egingo dutela. Lasarte-Oriako nahiz Donostiako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "ahal duten guztian laguntzeko prest" daudela adierazi dute.

Dirua biltzeko kanpaina

Garciaren senideek txandak egiten dituzte berarekin egoteko, aldi berean ezin baitute bi pertsona baino gehiagok egon han. Afera honek eragindako kostu ekonomikoa finantzatzen laguntzeko crowdfunding kanpaina bat abiatu dute herrikidearen lagunek. Gutxieneko ekarpena 5 eurokoa da eta honezkero 85.000 eurotik gora jaso dituzte (221.000 euro biltzea da helburua). Egitasmoaren sustatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei.