BURUNTZALDEKO ERREPORTAJEA

Mila “apellidu” abizenduta, Buruntzaldeko udalen ekimenez

Aiurri 2024ko mar. 22a, 09:56
Eskualdeko mila bizilagun inguruk euskaldundu dute deitura ia mende laurdeneko ibilbidean.

Zaharkituta gelditu dira, honezkero, Gorrochategui edo Echeverria bezalako abizenak; jada, ez dira horrenbeste aguirretar, churrucatar edota aramburutar gelditzen eskualdean. Aitzitik, geroz eta gehiagok idazten dituzte beren abizenak “b”, “z” edo “tx” hizkiz. Mende berria ekitearekin batera ipini zuten martxan “Apelliduak abizendu” egitasmoa Buruntzaldeko udalek, tokian tokiko bake epaitegiekin elkarlanean. Hala, ia mende laurdeneko ibilbidean, mila bizilagun inguruk euskaldundu dute deitura, Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen.

Maiz, administrazio-erraiak korapilatsuak izan arren, azkarra eta erraza da “apellidutik” abizenera jauzi egiteko prozedura. Herriko bake epaitegira jo eta momentuan bertan egiten dute aldaketa, zenbait dokumentu aurkeztuta: lehenik, nortasun-agiria; bigarrenik, udaletxean bertan eskatu beharreko errolda-agiria; eta, azkenik, jaioterriko bake epaitegian eskatu beharreko jaiotza-agiri ofiziala. Modu berean, Familia Liburua erakutsi beharko dute ezkonduek edo haurrak dituztenek. Azken horiei ere, adin txikikoak izanez gero, zuzenean egingo zaie aldaketa, gurasoen deitura berbera izan dezaten. Helduen kasuan, nork bere aldaketa egin beharko du.

 

Euskaltzaindiaren esanetara

Edonork al dauka abizena euskaratzeko aukera, baina? Ez, Euskaltzaindiak onartutako irizpideak jarraituz aldatzen dira deiturak. Euskaltzaindiaren webgunean bertan egin dezakete kontsulta interesdunek, “Hizkuntza baliabideak” arloko “Onomastika” atalean.

Abizena euskaratu ondoren, gainerako dokumentuetan ere euskaratutako deitura jarri behar izaten da, bake epaileak emandako ziurtagiri baten laguntzaz. Doakoa da aipatutako prozesu guztia. Beraz, erdal bustidurak atzean utzi eta mihia euskaraz zorrozteko aukera duzu eskuartean, “iracurle”.