Bost diru laguntza lerro onetsi ditu Euskara sailak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 19a, 08:36

Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik 2024. urterako sail horrek egin duen diru laguntzen deialdia aurkeztu du. Guztira bost diru laguntza  lerroren berri eman du, eta, jakinarazi, horieratarako 80.460 euro bideratuko dituztela

Diru laguntza bakoitzak zein helburu duen ere zehaztu du Antxordokik, eta horien berri ere eman du. Hauek dira laguntzak:

Euskara ikasleek bekak eskatzeko aukera : 2023-2024 ikasturtean euskara ikasten ari diren herritarrek matrikula prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesdunak eskaera. Udalak onetsita duen irizpideari jarraituz, Euskara Batzordeak %85 arteko bekak eskainiko ditu, eta hori jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan. Diru laguntza lerro horren helburua da euskara ikasi nahi duten herritarrek zeregin horretan laguntzea. Guztira, 70.000 euro bideratuko ditu Euskara sailak lerro horretara.

Unibertsitateetako udako ikastaroak: Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko udako ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez.

Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.

Diru laguntza horren helburua da unibertsitatean euskarazko ikasketak egiten ari diren herriko gazteak laguntzea, eta, guztira, 400 euro bideratuko ditu Euskara sailak lerro horretara.

Aisiako begirale eta zuzendariak: Iazko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatzen duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250 euro gehienezko kopurura arte) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.

Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 €koa izango da. 

Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesdunak eskaera; beranduenez urriaren 31n. Lagunztaren helburua da aisialdian lan egin nahi duten herriko gazteak laguntzea. Orotara, 1.360 euro bideratuko ditu Euskara sailak lerro horretara.

Gidabaimenaren atala teorikoa: 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu dutenek hartuko dute parte Buruntzaldean zozketatuko diren 10 sarietan. Lasarte-Oriak horietatik bi emango ditu, baimen teorikoaren matrikularen balio bera izango dutenak, gehienez 400 euro. Zozketako 2025eko urtarrilean egingo da. Diru laguntza horren xedea da herriko gazteak gidabaimena euskaraz ateratzera animatzea, eta, guztira 800 euro bideratuko ditu Euskara sailak lerro horretara.

Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko diru laguntzak: Laguntza gaiak hauek izango dira: errotuluak (nagusia eta bestelakoak), kostuaren %50 (300 euro gehienez); irudi korporatiboa, kostuaren %50 (200 euro gehienez); web-orriak, kostuaren %50 (gehienez 450 euro); enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak, kostuaren %50 (gehienez 200 euro) eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa, kostuaren %50 (gehienez 300 euro).  Horren helburua da herriko enpresa eta elkarteak beren zeregina euskaraz egin dezaten laguntzea. 7.900 euro bideratuko ditu sailak diru laguntza lerro horretara. 

Iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko ditu  eta eskaerak ere epe horretan zehar egin ahal izango dira, beranduenez urriaren 31n.

Deialdi bakoitzaren baldintzen eta eskaera orrien berri nahi duen orok udalaren web atarian du informazio guztia. Horrez gain, Euskara zerbitzurarekin harremanetan jartzeko honako bide hauek ere erabil ditzakete interesdunek: 943- 37 61 84 telefono zenbakia, edo euskara@lasarte-oria.eus helbidea.