Haurren eta nerabeen hezkuntzarekin eta ongizatearekin duten konpromisoa berretsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 15a, 11:43

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak TREBA Gurasoak ekimenaren hirugarren aldia iragarri du. Buruntzaldeko udalekin lankidetzak aurrera eramango du aipatu ekimena, eta, azaldu duenez, hilaren 15etik martxoaren 13ra bitartera, bederatzi tailer antolatuko ditu. Horietatik guztietatik bat izango da Lasarte-Orian, hilaren 21ean. 

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa, Lasarte-Oriako Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria saileko zuzendari Isaac Palenciak, eta Agustin Valdivia alkateak. Aurreko edizioetako balantzatzea eginez hasi du hitzartzea Palenciak, eta, esan, "erabateko arrakasta" izan duela 2022-2023 ikasturteko programazioak. Gaineratu du "guraso askok" partu zutela eskualdean antolaturiko tailerretan. 

Gogora ekarri du 2021-2022 ikasturtean 11 hitzaldi aurrera eraman zirela, eta hiru udalek parte hartu zutela orduko eskaintza hartan; Lasarte-Oriakoak, Hernanikoak eta Urnietakoak. Guztira 236 guraso bertaratu zirela ere jakinarazi du. Iazko ikasturtean, berriz, parte hartzea beste bi udaletara ere zabaldu zen (Astigarragakoa, eta Usurbilgoa batu ziren), eta, guztira, 312 gurasok parte hartu zuten. 

Ekimenak harrera ona duela ikusirik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eta Buruntzaldeko udalek TREBA Gurasoak egitasmoarekin aurrera jarraitzea ez ezik, hori indartzea erabaki dute aurtengo aldirako. Horrela, programazioan 21 hitzaldi iragarri dituzte; horrek esan nahi du, 2022-2023 ikasturteko eskaintzarekin alderatuta, %90eko igoera izan duela aurtengoak. 

Landuko diren gaiak

Aurtengo aldian landuko diren gaien artean, buru osasuna, pornografia eta pantailen erabilera nabarmendu ditu Palenciak. Honako adierazpenok egin ditu gero: "Haur eta nerabeen guraso guztiek, noizbait, laguntza behar dute hezkuntza prozesuan duten zeregina behar bezala betetzeko. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak prestakuntza ekimen bat abiatu zuen, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzeko asmoz, gurasotasun positiboan oinarritutako gurasoen prestakuntzaren bidez". 

Prentsaurrekoa amaitu aurretik alkateak hartu du hitza, eta esan, TREBA Gurasoak egitasmo "ezagun eta sendoa" dela. Azpimarratu du, gainera, geroz eta onarpen eta babes handiago duela, oso eskertua agertu da hori aurrera eramateaz arduratzen direnekin. Lasarte-Orian izango den hitzordua ere ekarri du gogora; Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? hitzaldia eskainiko du Eider Goiburu sexu hezitzaileak. Hilaren 21ean izango da, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 18:00etan, euskaraz. 

Hauek dira Buruntzalderako iragarri dituzten saioak: 

HERRIA IZENBURUA TREBATZAILEA EGUNA ORDUA
Andoain Internet, pantailak, bideojoak, sare sozialak...onurak eta gaztazkak. Nola kudeatu Rakel Gamito Hilaren 15ean

17:30ean

Lasarte-Oria Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? Eider Goiburu Hilaren 21ean 18:00etan
Astigarraga Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean Leyre Cano Hilaren 21ean 18:00
Usurbil Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak Donna Apellaniz Nieto Hilaren 21ean 17:30ean
Urnieta Harreman osasuntsuak lagun artean Nerea Mendizabal Martxoaren 5ean 18:00etan
Andoain Osasun mentala eta nerabeak Estibaliz Ansotegi Martxoaren 13an 18:00etan
Usurbil Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? Eider Goiburu Martxoaren 14an 17:30
Usurbil  Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen Leyre Cano Martxoaren 21ean 18:00