Interneten eta sare sozialen dimentsioak aztertu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 5a, 14:25

MuseumLAB izeneko hezkuntza proiektua garatu du Oriarte BHI institutuko 4. mailako ikasle talde batek, Jaime de los Rios artista sortzailearekin batera. Laser gailuekin sortutako hiru dimentsiotako argi eskulturen bidez, Interneten eta sare sozialen dimentsioak eta irismena irudikatu dituzte. Añorgan dagoen Museum Cemento Rezola aretoan jarri dute ikusgai erakusketa eta institutura bertara eramango dute gero.

Jardunbide artistikoa eta hezkuntza uztartzen ditu MuseumLAB proiektuak. "Mugitzen ari den museo bat" izan nahi du, espazio hori esperimentaziorako eta ikaskuntzarako eremu partekatu gisa indartu eta aktibatuta. Ondarebizia egitasmoaren barruko ekimena da eta lengoaia eta jakintzen artean ikertzea bilatzen du, ondarearen eta artearen eremuan, belaunaldi berriak inplikatuta. 

Jarduera horren lehen erakusketan herriko ikasle talde batek parte hartu du, zehazki, Oriarte BHI institutuko 4. mailako talde batek, curriculum aniztasunarenak. Interneten eta sare sozialen dimentsioak zeintzuk diren aztertu dute Jaime de los Rios artistarekin batera. "Lagunari bidali diozun WhatsApp mezuak zenbat denbora behar du bere sakelako telefonora iristeko eta zein ibilbide egiten du?" bezalako galderak egin dizkiete euren buruei eta hori irudikatu, laser gailuekin sortutako hiru dimentsiotako argi eskulturen bidez. 

Cementos Rezolak Añorga auzoan duen museoan panel ugari jarri dituzte proiektuaren nondik norakoak zeintzuk diren erakusteko eta baita zenbait collage ere. Horrez gain, de los Riosek metakrilatozko bi pieza jarri ditu, Interneten eta sare sozialen arteko konexioa irudikatzen dutenak. 

Hausnartu eta landu

Aipatu lan hori aurrera eramateko lan saio ugari egin zituzten ikasleek eta artistak. Proiektuaren koordinatzaile Monika Lukinen hitzetan, nahi izan dute estudianteak kontziente izatea sarearen eta teknologia berrien erabileraz. "Zer eta nola erabiltzen dugun ikusaraztea izan da xedea". Ikasgelan kontzeptuari buruz hausnartu zuten nagusiki eta bertatik kanpo saio gehiago burutu zituzten, ideiak gorpuzteko. 

Erakusketa ez ezik, Sepulka Komandoa izena duen argitalpen bat ondu dute. Hau guztia irakur daiteke horretan: proiektua nondik datorren, artistaren balorazioa, lanaren faseen deskribapena eta Oriarte institutukoen hitzaurre moduko bat. 

Joan den ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia eta Oriarte institutuko ikasleek nahiz de los Riosek azpimarratu zuten plazera izan dela eurentzat elkarlanean aritzea. Erakusketa, esan bezala, Museum Rezolan dago ikusgai eta datorren hilabetean Oriartera ekarriko dute.