Herriaren historian zehar bidaiatzeko abiapuntua da Udal Liburutegiko artxiboa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 30a, 09:00

Gure herriaren historiaren aro garrantzitsu batetan barrena bidaiatzeko aukera dute lasarteoriatarrek, izan ere, TXINTXARRI aldizkariaren hemerotekaren zati handiena Manuel Lekuona Kultur Etxeko 3. solairuko liburutegira eraman dute, duela hilabete batzuk eraisten hasi ziren Erribera kaleko lokaletik aterata (komunikabide horren erredakzio ere izan zen hasierako urteetan). Ttakun Kultur Elkartearen eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuaren artean adostu dute hori.

Lasarte-Orian 1993ko urriaren 1etik 2015eko ekainaren 22ra arte gertatutakoaren berri izan ala gogoratu nahi dutenek, esan bezala, kultur etxera joan behar dute, 3. solairura igo eta liburutegira sartu, ordu tarte hauetan: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara edo 16:00etatik 20:30era; eta, larunbatetan, goizeko ordutegian, urriaren 7tik aurrera.

Prozedura sinplea da: liburutegiko harrerara joan eta liburuzainari eskatzea zein urtetako zein zenbaki irakurri nahi duten. Eskuin aldeko zatiduran gida bat argitaratu dugu, irakurleentzat lagungarria izan daitekeelakoan. Kontsultatu nahi duten aldizkariak liburuzainak emango dizkio herritarrari, alboetako batean dagoen ikasketa gelan lasai asko irakur eta berrikus ditzan.

Mugarri historiko ugari

Zenbat aldatu ote da Lasarte-Oria hiru hamarkada hauetan? Galdera interesgarria da, pentsatzeko tarte bat hartu eta gertakari zerrenda luze bat egitekoa. Eraitsiak izan diren eraikinak, tokiz aldatu dituzten zuhaitzak (nola ahaztu Okendoko palmondoa!), garai bateko San Pedro Jaien eta gaur egungoen alderaketa, manifestazioak, proiektu eta elkarteen sorrerak, urteurrenak, elkarrizketak, testigantzak, kronikak, erreportajeak... eta beste gauza asko eta asko, gertutasunez eta euskaraz kontatuta, unean-unean egitasmo honen partaide izan direnen eskutik. Esan bezala, 1993ko urriaren 1etik 2015eko ekainaren 22ra artekoak kontsultatu ahalko dituzte herritarrek liburutegian. Bestalde, www.txintxarri.eus atarian 2008tik gaur egunera artekoak dituzte eskuragai.