Hiru hamarkadako bidea, herrian eta herritarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 22a, 13:40

TXINTXARRI aldizkariak 30 urte beteko ditu urriaren 1ean, igandearekin. Urtemuga berezi hori herrian eta herritarrekin ospatu nahi duenez, egitarau xume bat prestatu du zenbait eragileren laguntzarekin, festa giroa kalera eramateko

Zenbat gauza aldatu ote dira gure herrian azken hiru hamarkadetan? Horretarako tarte bat hartu eta memoria ariketa eder bat egiteko moduko galdera da, zerrenda luze bat osatzekoa. Urteak joan eta urteak etorri, bururatu ahal zaizkigun gertaera horien guztien berri eman du TXINTXARRI aldizkariak, gertutasunez, eta, nola ez, euskaraz. Datorren asteko igandean izango da herri komunikabide horren urtebetetze eguna, urriak 1, eta, 30 urte ez direnez egunero betetzen, lantaldeak egitarau xume bat prestatu du zenbait eragilerekin batera, urtemuga hori herrian bertan eta herritarrekin batera ospatzeko.

Porrotx pailazoarekin ekingo diote goizari, 11:30ean, Okendo plazan. Xumela eta Oaintxe in deu! txarangarekin batera, irri, kantu eta dantza egingo dute bertaratzen diren guztiek. Haurrak ere, jakina, gonbidatuta daude: TXINTXARRI-ri buruzko marrazki bat etxean egin eta plazara ekarriz gero, oparitxo bat jasoko dute trukean. Horrez gain, erredakzioko langileek www.txintxarri.eus webgunean zintzilikatuko dituzte umeek egindako lan guztiak. Behin motorrak berotuta, urriaren 6ko portada izango den argazki masiboa aterako dute Okendon bertan, 12:00etan. Deialdia irekia denez, animatzen den edonor jasoko dute beso-zabalik: norbanako, talde, elkarte... 

Argazkia atera eta gero, Jalgi kafe antzokirantz joango dira txarangaren laguntzarekin. Topa-pintxoa egingo dute 30 urteak ospatzeko eta baita hiru hamarkada horiek errepasatzen dituen erakusketa ireki ere. Urrian zehar egongo da ikusgai Geltoki kaleko taberna horretan.

Artxiboa, herritarren eskura

Hiru hamarkada hauetan metatutako artxiboa da TXINTXARRI-ren altxor preziatuenetako bat. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordearekin eta Udal Liburutegiarekin hala adostuta, mila aldizkari baino gehiago eraman ditu duela gutxira arte biltegi izan den Erribera kaleko lokaletik kultur etxeko hirugarren solairura. Hilaren 29ko aldizkarian landuko du gai horri buruzko informazioa, luze eta zabal.