Ingurumen hezkuntza programan landutakoen berri eman diete udal ordezkariei

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 6a, 12:05

Ikasle ugari bildu dira gaur goizean udalbatzar aretoan. Udal ordezkariekin elkartu dira bertan, eta ingurumen hezkuntza programan landu dutena erakusteaz gain, hartutako konpromisoen berri eman diete. Zenbait eskaera ere egin dizkiote erakundeari

Lasarte-Oriako udalbatzar aretoan izan dira gaur goizean herriko ikastetxeetako ikasle gazteak. Ingurumen hezkuntza programan landutakoak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo, Zerbitzu Publikoetako arduradun David Mateosek, Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek eta Partehartze saileko arduradun Nagore Duran izan dira gaztetxoekin. Agustin Valdivia alkateak ezin izan du bertan egon. 

Herriko bi ikastetxeetako (Landaberri eta Sasoeta) IA 400 ikasleek hartu dute arestian aipatutako programan, eta askotariko gaiak landu dituzte. LH4. mailakoek hondakinen azterketa egin dute. LH5ekoek, berriz, landaretza landu dute, eta LH6. mailakoek, aldiz, ura. 

Gaztetxoenek, azaldu dute kontsumo tailerra egin zutela, eta hondakinak murrizteko eta berrerabiltzeko estrategiak ere landu dituztela. Gizakiaren historian zehar hondakinak nola aldatu diren diren ere ikusi dute, eta zaborra sailkatzen ere ikasi dute. Prozesu horri esker zenbait ondorio atera dituztela ere jakinarazi dute, eta horien berri eman dute. Hondakinen arazoa hobetzeko hiru pauso jarraitu behar direla garbi dute: murriztu, berrerabili eta birziklatu. 

Landaretza landu dutenek, berriz, zuhaitzak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Sorginzulo basoan ibili dira Landaberriko ikasleak, eta Basotxokon, berriz, Sasoetakoak. Azaldu dute sendabelarren tailerra ere egin zutela, ukendua eta sendabelarren koadernoa osatuz. Lanketa amaierako saioa, aldiz, Froilan Elespe parke botanikoan egin zutela ere kontatu dute. Zein ondorio atera dituzten ere azaldu dute. Beste zenbaiten artean, berdeguneak beharrezkoak direla ondorioztatu dute, airea garbitu eta oxigenoa edukitzen laguntzen dutelako. Horrekin batera, basoak eta bertako bizidunak errespetatu eta zaindu egin behar direla ere ikasi dute, eta egun beroetan zuhaitzek itzala emateaz gain, soinutik babesteko elementu naturalak direla ere bai.

Uraren gaineko azterketa egin dutenek ere azaldu dute zer ikasi eta zein ondorio atera dituzten. Kontatu dute uraren ziklo natural eta artifizialaren berri izan dutela, baita elementu natural horrek egunerokoan duen garrantzia eta horrekiko egiten den erabilera ere. Errekak aztertzeko tailerrak ez ezik, ingurua osatzen duten arrokak ere ezagutu dituzte. Eta hori guztia ikertu ostean, ondorioztatu dute egunerokoan kontsumitzen dugun ur kopurua murriztu egin behar dela, soilik beharrezkoa den kantitatea erabiliz. Horrez gain, ikasi dute Lasarte-Oriara datorren ura Añarbeko urtegitik datorrela, eta ur garbi guztiak  edangarriak ez diren bezala, ur edangarri guztiak garbiak direla. 

Konpromisoen dekalogoa

Ikasitako guztiaren aurrean, eta atalez atal, eguneroko jarduna zuzendu eta hobetu beharrekoekin konpromisoen dekalogo bat aurkeztu diete udal ordezkariei. Hauek dira horien guztien artean nagusienak: 

  • Hondakinei dagokienez, gutxiago kontsumituko dute. Materiala bota aurretik berrerabili egingo dituztela, eta hondakinekin, berriz, sailkatu egingo dituztela. Hori egiten ez dakitenei erakusteko prestutasuna ere agertu dute. 
  • Landaretzaren arloan, berriz, berdeguneak eta landareak zainduko dituzte; ez dituzte horiek ezta beraien atalak puskatuko, ezta ingurune horietara zaborrik botako ere. 
  • Uraren erabilera egokia egiteko, berriz, honako konpromiso hauek zehaztu dituzte. Eguneroko ekintza txikiekin kontsumitzen duten ur kantitatea murriztuko dutela eta inguruko errekak eta ibaiak errespetatuko dituztela.

Udalari egindako eskakizunak

Hala, udalari hainbat proposamen eta eskari ere egin dizkiote ikasleek. Horien guztien artean birziklapena bultzatzeko kanpaina handi bat egitea, edota erabilitako objektuak prezio sinbolikoan saltzeko bigarren eskuko merkatua antolatzea. Horrekin batera, herriko zenbait auzotan (Zabaletan, Zatarain eta Zelaialden) belarra maizago moztea ere galdegin diote, eta herrian berdegune gehiago sortzeaz gain, Okendo atzeko belardi bat aisialdirako egokitzea ere bai. Azkenik, eta amaitzeko, urari dagokionean eskatu diete iturrietan soberan geratzen den ura biltzeko sistema bat ezartzeko, txakurrek hori aprobetxa dezaten. Horiek sentsoreekin jartzeko ere eskatu diete. Ikastetxeetan, berriz, ur ihesak saihesteko uraren instalazioak aztertu eta konpontzeko eskaera egin diete, eta komunetan bi botoidun sistema instalatu eta zutikako komunen ur jarioa erregulatzeko ere bai. udal ordezkariek eskari horiek aztertzeko konpromisoa agertu diete.