Ikusleen lehiakide gogokoenaren saria irabazi du Mikel Arrutik

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 8a, 08:37

Mikel Arruti, irabazitako saria ospatzen. Argazkia: EiTB.

Bigarren urtez jarraian, lasarteoriatar batek irabazi du El Conquistador del Caribe telesaila ikusten dutenen lehiakide gogokoenaren saria. Mikel Arrutik jaso ditu bozka gehien aurten, eta Leire Mayozen lekukoa hartu du. Horrez gain, garailearen ikurrina altxatzear izan da, final handira sailkatu baita, baina proba erabakigarrian ez du behar adina zorterik izan. Hala ere, txapela kentzeko moduko saioa egin du herritarrak.

Iazko edizioko arantzatxoa atera du Arrutik, eta nola gainera. 2021eko lehiaketan lehenengo kanporatua izan zen: taldekideek duelura joateko aukeratu zuten, baina antolakuntzak esan zion gauzak hartu eta zuzenean joan behar zuela etxera. Harrabotsa sortu zuen erabaki horrek programaren zaleen artean, eta askok eskatu zuten gazteari bigarren aukera bat ematea. Bada, proposatu zioten Dominikar Errepublikara itzultzeko aukera, eta "asko" pentsatu ostean (berak aitortu zuen hori asteazken gaueko saioan), baietz esan zuen. Gauzak horrela, lehiatzeko gogor prestatu eta maila paregabea eman du lasarteoriatarrak, zenbait duelu irabazi eta lan bikaina eginda. Finalera sailkatzea lortu zuen, baina azken proban ezin izan zuen ikurrina preziatua altxa. Hala ere, ikus-entzuleen bihotzak konkistatu ditu, eta hori ere ez da sari makala.