Hezkuntza sistema publikoaren balioaz harro

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko eka. 26a, 09:00

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen aldarrikapenekin bat egin dute Lasarte-Oriako hiru ikastetxeetako guraso elkarteek. Hezkuntza sistema publikoaren balioa aldarrikatu dute, eta nabarmendu dute eredu horri "baliabideak" eman behar zaizkiola.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearekin –aurrerantzean, EEPH– bat egin dute Lasarte-Oriako hiru ikastetxeetako guraso elkarteek –Burunzpek, Landaberrik eta Oriartekidek–, eta herri mailako plataforma sortu dute. Zer landu nahi dute? Zer aldarrikatu nahi dute, zer ikusarazi? Eragilearen izenak ematen ditu pista batzuk, baina egitasmoaren nondik norakoak azaltze aldera, eta herri mailan ezagutzera emateko asmoz, plataformako ordezkari batzuk, Bea Egizabal eta Juan Luis Eizmendi, txintxarri-rekin elkartu dira.

EEPH topagunea Gasteizen sortu zen, eta badaramatza ikasturte batzuk euskal eskola publikoaren balioa aldarrikatzen; horrekiko harrotasuna adierazten eta zabaltzen. Hezkuntza publikoa "gizarteak historian zehar irabazitako lorpenik handienetako bat" dela azpimarratu dute behin eta berriro. Urtez urte, gero eta eragile eta ikastetxe gehiagok bat egin dute topagunearekin, eta tokian tokiko plataformak eratu dituzte, maila lokalagoan lan egiteko eta eragiteko. Horietako bat da Lasarte-Oriakoa. Egiten ari direnaren gaineko informazio gehiago nahi duenak, atari digital hau bisitatu dezake: https://sites.google.com/view/eephtlasarte-oria.

Arestian esan bezala, Lasarte-Oriako hiru ikastetxeetako guraso elkarteek bat egin dute egitasmo horrekin. Egizabalen eta Eizmendiren hitzetan, "pozgarria" da hiruek babestu izana EEPH topagunearen lana eta aldarriak, eta hezkuntza sistema horrekiko harrotasuna adierazi izana.

Ezaugarriak eta beharrak

Hauek dira EEPH topaguneak ematen dituen zergatiak, euskal eskola publikoaz harro egoteko: "denontzat eta denona" dela; "gizarte kohesioa" bermatzen duela; "hezkidetzan eta aniztasunean konprometitua" dagoela; laikoa dela; "euskalduna eta euskalduntzen duena" dela; eta "doakoa eta unibertsala" dela. Hitz gutxitan esanda, "altxorra" dela hezkuntza sistema publikoa, "oztopo guztien gainetik" eraikia izan dena. Hori mantentzeko eta indartzeko, ordea, "baliabideak" falta direla salatu du EEPHk. "Zerbitzu publikoak, eta bereziki, eskola publikoa, gobernuen jomugan daude; pribatizatze politika garbia gauzatu da hezkuntzan ere". Topaguneak azaldu duenez, murrizketak ezarri zaizkio sare publikoari, eta irakaskuntza ekimen pribatu guztiei kontzertazioak eman zaizkie. "Ondorioz, hezkuntza sistema duala [publikoa eta pribatua edo itundua] gauzatu da, ikasle guztiei aukera berberak eskaintzen ez dizkiena; sistema diskriminatzaile eta segregatzailea, diru publikoarekin finantzatuta".

EEPH topaguneak datu batzuk eman ditu horren gainean, EAEko Eskola Kontseiluaren Euskadiko hezkuntza sistemaren egoerari buruzko txostena 2017-2019 dokumentutik. Esate baterako, maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleak sare publikoan daudela. Jantokiko beken kopurua bikoitza da sare publikoan: Haur Hezkuntza publikoan, ikasleen %28,1 dira bekadunak; pribatuan, berriz, %10,2. Lehen Hezkuntza publikoan, %34,5; pribatuan, %12,5. DBHn murriztu egiten da aldea: publikoan %16,8 dira bekadunak eta %8,9 pribatuan. Datu gehiago: jatorri atzerritako hiru ikasletik bi sare publikoan eskolaratzen da (%67), eta bestea pribatuan (%33). Horrez gain, azken lau urteetan gela itunduen kopurua %4,6 jaitsi den arren, finantzazioak %12,95 egin du gora.

Lasarte-Orian, gaur-gaurkoz, ez dago publiko-pribatu dikotomia hori, ikastetxe guztiak –Landaberri-Garaikoetxea, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte– publikoak direlako. "Beste herri batzuetan ez bezala, guk ez dugu zuzenean konfrontazio hori bizi", azaldu dute Egizabalek eta Eizmendik. Herri mailako plataformaren helburu nagusiak dira EEPHren lana eta aldarriak Lasarte-Orian zabaltzea, eta gizarteak horrekiko duen atxikimendu maila areagotzea. Edonola ere, Lasarte-Oriako ikastetxeei "baliabide gehiago" eman behar zaizkiela adierazi dute. "Sistema publikoa indartu egin behar da, ez dugu hiltzen utzi behar; nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaz hausnartu behar dugu". 

Hezkuntza Lege berria

Lasarte-Oriako plataformako kideek azaldu dutenez, Hezkuntza Lege berria prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. "Hezkuntza sistema txukuntzera datorrela saldu dute, baina, itxura guztien arabera, zentro itundu-pribatuen mesederako izango da soilik; segregazio bidea sakontzeko. Hori zuritzeko, hezkuntza sistema publiko bati buruz hitz egiten dute, eta ez eskola publikoaz". Bestela esanda, ikastetxeen jabetza mota batekoa edo bestekoa izan arren, sistema publikoaren kidetzat hartuko lituzkete guztiak, plataformako kideen esanetan.

Itunen negoziaketaz ere jardun dira. Jakinarazi dute 6 urterako akordioa egin nahi duela Eusko Jaurlaritzak, 2022tik 2028ra artekoa. "Ikastetxe pribatuekin itunak sinatuko lirateke, eta hamarkada ia horretan guztian ez litzateke berriz negoziatuko kontu hori. Bien bitartean, jaiotza-tasak behera doaz, eta ikastetxeetan lerroak kentzen ari dira. Itundutako eskolak blindatzen badituzte, murrizketak non egingo dituzte? Sare publikoan". 
Dagoeneko amaitu den ikasturte honetan, topaguneak zenbait ekintza burutu ditu. Martxoan Eusko Legebiltzarrera joan ziren zenbait ordezkari, talde politikoek aldarriak entzun zitzaten. Horrez gain, datorren udazkenera begira mobilizazioa prestatzen ari dira, Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizaziorik ez!; topagunearen "hurrengo mugarria" izango da.