ESKUALDEA

Etorri berriei harrera egiteko protokoloak

Kronika 2021ko mai. 31a, 16:58
Amher-SOS Arrazakeria Elkarteak Atzerritartasun Legeari buruz saioak egiten ditu.

Azken urteotako migrazio mugimenduek eraginda, jatorri askotako biztanleak ditugu gure herrietan. Kultura eta hizkuntza desberdinetako herritarrak. Aniztasun hori behar bezala kudeatzea da udalen erronka nagusietako bat. Horretarako, hainbat egitasmo eta tresna prestatzen ari dira etorri berriei harrera egokia egin eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin.

Immigrazioaren gaia puri-purian dago azken urteotan. Hamaika arrazoi direla medio, milioika herritarrek beren sorterria utzi behar izaten dute bizitza hutsetik hasteko beste herrialde batean. Hori horrela, txoko askotako pertsonek egiten dute topo herri eta inguru berean, kultura, hizkuntza, bizimolde desberdinak dituztenak, aniztasun handia eraginez.

Ikuspegik (Immigrazioaren Euskal Behatokiak) 2021ean landu duen txostenari erreparatuta, EAEko 2.212.561 biztanleetatik 246.501 atzerritarra da jatorriz (%11,1). Gipuzkoan ere oso antzekoak dira proportzioak (%11,2), 81.354 pertsona jatorri atzerritarrekoak. 

Buruntzaldera etorrita, jatorri atzerritarra duten biztanleen proportzioa baxuagoa da. 75.000 eskas biztanle dituen eskualde honek %7 inguruko atzerritar tasa du. Proportzioak dezente aldatzen dira herri batetik bestera. Badira %5 inguruko portzentajea dutenak (Lasarte-Oria edo Astigarraga kasu) eta badira %10eko portzentajea dutenak, Hernani kasu. Argitu behar da, datu horien arabera, atzerritartzat, Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoa hartzen dela.
Buruntzaldean dauden atzerritarren jatorriari dagokionez, EAEkoen eta Gipuzkoakoen antzera, latinoamerikarrak dira gehienak; magrebiarrak ere ugari dira eta errumaniarrek ere badute presentzia esanguratsua, portugaldarrekin batera.

Hizkuntza ezagutzari dagokionean, nahiz eta datu zehatz eta fidagarririk ez dugun, esan daiteke gehiengo handi batek gaztelaniaren ezagutza baduela, askok hizkuntza bakar gisa dakarte, eta beste batzuek beste hizkuntza batzuekin batera. Badira gaztelaniaren ezagutza batere gabe edo oso gutxirekin iristen direnak ere, jatorriaren arabera, eta badira, aurrez Euskal Herriko beste herriren batean egonak direlako edo, euskararen ezagutza maila txiki bat dakartenak, baina oso gutxi dira horiek.

Etorri berrien harrera

Mugimendua etengabea da. Asko dira urtean zehar etortzen diren atzerritarrak eta asko dira joan ere egiten direnak. Denak ez dira udaletako errolda bulegotik pasatzen, badirelako erroldatu gabeko biztanleak ere, baina handia da erroldan dauden alta eta baja mugimenduak.
Nolako harrera egiten diegu gure herrietara datozen biztanle berriei? Azken bolada honetan kezka iturri da gai hau Buruntzaldeko udaletan eta gero eta gehiago dira martxan jartzen ari diren protokolo eta ekimenak, harrera egokia egiteko, batetik, eta, behin herrian daudela, herriko bizimodu, kultura, hizkuntza eta herritarrekiko harremanak sustatzeko.

Bide horretan, batetik, harrera protokoloak sortu dituzte. Joan den otsailean aurkeztu zuen berea Hernaniko Udalak, eta dagoeneko zehaztu dituzte lan-ildoak. 2020ko urtarrilean abiatu zuen prozesua Udaleko Kulturartekotasun Sailak, eta hainbat herritarren eta eragileren kolaborazioarekin eta ekarpenekin osatu dute. Hernaniko Harrera Protokolo berriak lau oinarri ditu: pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzea; etorri berriek herrian bizitza aktiboa izatea eta inklusioa sustatzea; jatorri eta kultura-aniztasuna bultzatzea, elkar ezagutza bi norabideetan emanez; eta erroldatik harago esku hartzea. 

Bestetik, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) ematen diete aurreneko informazioa etorri berriei. Horrez gain, errolda momenturako protokolo zehatza ezarri nahi dute, eta baita Baliabideen Gida bat eman, Harrera Bulegorako hitzordua eskaini eta Ongi Etorri saiorako gonbidapena luzatu ere. Era berean, Amher-SOS Arrazakeria Elkarteak eta Udalak osatutako talde eragileak Harrera Bulego Integrala sortzea du 2021eko erronketako bat. Bertan, ahalik eta modu pertsonalizatuenean eskainiko zaio arreta etorri berriari. Baina hori ez ezik, beste hainbat helburu ere zehaztu dituzte aurtengorako, besteak beste, adierazitako Baliabideen Gida eguneratzea, aholkularitza juridikoa eskaintzea, edota laster inauguratuko den Kulturarteko Plaza Feminista. 

Andoainen ere martxan dute harrera plana. Udaleko lan-sail guztiak, Gizarte Zerbitzuen gidaritzapean, etorri berriei harrera egiteko protokoloa eta gida ari dira lantzen. 

Hari horri tiraka, komeni da aipatzea Buruntzaldeko hainbat herritako ikastetxeetan azken urteetan sortu den desafio bat. Esaterako, Andoainera gerturatuta, Ondarreta «jatorri immigranteen ikastetxea» dela helarazi dute ikastetxeko zuzendaritzako taldeko kideek. Ikastetxeko langileen esanetan, «jatorriz, batez beste, %57 dira kanpoko herrialdeetakoak; zenbait gelatan, %80ra iristen da kopurua. Munduko 30 nazionalitate eta kultura desberdinetako ikasleak biltzen dira bertan». Horren ondorioz, diote, «ghetto txikiak» sortzen direla. Edonola ere, immigrazioaren fenomenoari tinko heldu diote herrian. Eta horretarako jarri dituzte martxan hainbat proiektu eta egitasmo, inklusioa sustatzeko eta Andoainen herritar guztien arteko elkarbizitza sanoa lortzeko. 

Inklusiorako ekimenak

Horrez gain, Andoainen, Gizarte Zerbitzuek martxan dute 2014tik Ongi Etorri Eskolara proiektua. Gipuzkoako 16 ikastetxetan dago abian, lehen mailako irakaskuntzan. Helburua da eskola eta komunitate inklusiboari bidea egitea; eta, horretarako, kulturarteko eredu pedagogikoa abian jartzeko bidelagun lanetan aritzen da. Hitz gutxitan esateko, xedea da atzerritik etorritako familiak integraziora bideratzea, euskal kulturara eta hizkuntzara hurbiltzearen bidez. Halaber, dinamikaren funtsezko gakoa euskara da, izan ere, ikasleria osoaren aukera berdintasunerako erreminta nagusia bertako hizkuntza dela uste dute.  

Horrekin batera, Ongi Etorri Eskolara dinamikaren baitan, Familia laguna izeneko ekimena garatu dute. Familia euskaldun bat eta atzerritik etorritako beste bat harremanetan jartzen dira, bi kulturen arteko elkar trukea egiteko eta konfiantzazko harremana sortzeko. Horixe bera da, hain zuzen, Andoaingo Udalaren nahia; eta, hori lortzeko, herrian bizi diren kultura guztien arteko elkar trukearen aldeko apustu sendoa egin du. Horrekin batera, une honetan, 20 bat familia ari dira programan parte hartzen. Modu horretan, akonpainamendu eta elkar ezagutzarako kulturarteko harremanak ari dira eraikitzen. 

Aipatutakoaz gain, Usurbilgo Udalak hainbat urte daramatza herritarren jatorri aniztasunari hurbiletik jarraitzen. Haien jaiolekua kontuan hartuta ontzen ditu neurketak; Usurbilgo biztanleak non jaioak diren azaltzen du, bestelako zenbait aldagairekin batera. Nolanahi ere, azken urtean, jauzi kualitatiboa eman du. Usurbildar guztien arteko elkarbizitzarako gakoak bilatu eta bultzatu asmoz, udalerriak jasotako bi migrazio olatu nagusiak izan ditu hizpide. Alde batetik, 1960/70eko urteetan Espainiatik etorritakoa; eta, beste alde batetik, 2000. urteaz geroztik munduko hainbat txokotatik iritsitakoa. Horren ostean, migrazioaren gaineko esperientziak eta diskurtsoak jaso ditu bi euskarritan: Aztiker Ikerguneak Udalaren eskariz egindako Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen txostenean; eta, horren osagarri, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoan. 

Hori gutxi balitz, jatorri aniztasunen festa antolatu ohi du Udalak, urtero, Mundualdia izenburupean. Joan den urtean, egungo osasun egoera dela eta, ezinezkoa izan zen ospakizuna egitea; baina, aurten, berriz ere heldu zioten ekimenari. Ezohiko formatuan izan zen, martxoaren 27an. Bertan aurkeztu zuten, hain justu ere, aldez aurretik zehaztutako dokumentala.  

Esanak esan, Buruntzaldeko gizartearen errealitatea da kultura-aniztasuna, eta herri guztietako udalek, norbanakoek, taldeek eta baita eragileek ere, indartsu heldu diote erronkari. Izan ere, egungo altxorra dela sinesten dute; eta, herritarren arteko arrakala handitzetik urruti, kultura guztiak besarkatzeko eta elkarbizitza osasuntsua lortzeko unea dela uste dute. Oraina aldatuz gero, etorkizuna hobea eta itxaropentsuagoa izango baita.