Haurdunaldia. itxita

"Segurtasun falta eta abandonua sentitu dutela jakinarazi digute"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 13:00

COVID-19ak eragindako pandemiak erabat aldatu du Lasarte-Oriako emaginen lan egiteko modua. Teknologia berriei esker jarraitu ahal izan dute pazienteekin harremanetan

Martxoaren 15etik aurrera, zenbait erronka berriri aurrea hartu behar izan diote Lasarte-Oriako emaginek ere. Espainiako Gobernuak agindutako etxealdiaren ondorioz, euren ordura arteko lan egiteko modua hankaz gora jarri, eta alternatiba berriak bilatu behar izan dituzte pazienteak artatzen jarraitu eta behar duten arreta emateko. Alarma Egoera deklaratzearekin batera aldatu zen haurdunaldi kontrolen protokoloa, esaterako. Martxora arte, haurdun zeuden familiak aurrez aurre artatzen zituzten, baina egun batetik bestera, telefono bidezkoak bakarrik bihurtu ziren jarraipen kontsulta horiek. Emaginek eta pazienteek, denek egokitu behar izan dute baldintza berrietara, eta moldatu diren arren, ez da bide erraza izaten ari.

Aurrez aurreko kontsultetan   "informazio gehiago" biltzen dela azpimarratu du Mariaje Miranda Lasarte-Oriako emaginak, eta pandemiak eragindako protokolo aldaketaren aurretik bere pazienteak gehiago ezagutzen zituela nabarmendu. Hori azken aldian ezinezkoa izan da, eta telematikoki lan egitera ohitzen ari dira oraindik ere.

Abantailak ikusten dizkio lan egiteko modu berriari: "Aurrez aurreko arreta ezinezkoa izan denean, gure pazienteekin komunikatuta mantentzea ahalbidetu digute teknologia berriek, baina kontroletako zenbait parametro ezin dira telefonoz neurtu; haurdun dagoen pertsonaren pisua eta tentsioa esaterako".

Aurrez aurreko arreta zerbitzuak eteteak "segurtasun falta" eragin diela jakinarazi diete paziente batek baino gehiagok, "abandonatuta" sentitu direla, eta horrelako sentipenen berri ematen zuten pazienteak, kontsultan artatu ditu Mirandak.

Haurdunaldi aurreko prestaketa saioak ere eten, eta teknologia berriak maneiatzen ikasten ari da herriko anbulategiko emagina: "Paziente askok eskertu digu alternatiba hori eskuragarri jarri izana". Berarentzat, ordea, "iraultza bat" izan da, orain arte ez baitzituen erabiltzen. Pixkanaka-pixkanaka ikasten ari da, eta "oso pozik" agertu da horiek ematen dituzten aukerekin: "Ezin da aurrez aurreko kontsultekin konparatu, baina elkarrekin egoteko aukera eman digu". Halere, antzeman du prestaketa saioetan izen emateen beherakada, eta eskaintza teknologia berrien bidezkoa izateak eragina duela uste du.

Egoera zerbait aldatu da
Alarma egoera amaitu zenetik zenbait hitzordu presentzial berreskuratu dituztela azaldu du Mirandak, horien artean, kontrol kontsultak, baina antza gutxi dute orain artekoekin: "Haurdun dagoen pertsona soilik sartu daiteke kontsultara".

Erditze aurreko saioak, bideo-deien bidez egiten dituzte oraindik, eta, badirudi, teknologia berriak geratzeko etorri direla, izan ere, irailetik aurrera, haurdinaldi ondorengo eta edoskitze saioak ere teknologia berrien bidez eskaintzea planteatzen ari dira.