Lokaztea

Lierni Rekondo 2019ko ira. 27a, 09:30

“Iraultzaile pentsamenduz, bai etxerako ere banu!” Lujanbiok. Nik, ordea, apur bat aldatzeko lizentzia hartu dut eta “bai kalerako ere banu!” esatera ausartu naiz

“Gazteria oso geldirik zegoela ikusi eta zerbait egin behar genuela sentitu genuen” esan zidan Lasarten sortu berri den gazte antolakunde bateko kide batek. Geroztik, baieztapen horrek eman dit zer pentsatua. Nik neuk ere (nire kokapen estatikotik) gazte mugimenduen beharra eta garrantzia sumatu ahal izan ditut maiz; zer dela eta, beraz, ez naiz mugimendu horien partaide?

Beharbada erosotasuna da, konfort gunetik ateratzeko gogorik ez izatea. Beharbada iniziatiba falta; kuadrillakoak ez badira talde feministan sartzen ni ere ez. Baliteke segurtasun eza ere izatea; nik zer eskaini diezaioket herriko Gazte Asanbladari?

Eta, gauzak horrela, hankak ez lokaztea erabakitzen dugu gainerakoak gure ordez zikinduko direlakoan. Baina noski, herrigintzaren eta gazte mugimenduen aldeko gure postura sutsuki defendatzen dugu, emakumeen ahalduntzeko beharraz hausnartu eta Twitterreko kontura txio iraultzaileak igotzen ditugu.

Indibidualki teorizatzeak badu bere pisu eta garrantzia, ez da nahikoa, ordea. Ezin daiteke harririk mugitu, ezin daiteke katerik hautsi lanketa eta esku-hartze kolektiborik gabe.Norberaren kontraesanak onartuz, barrua hankaz gora jartzen diguten gauza guzti horien inguruan lan egin behar dugu, hankak lokatzetan sartuz, barrutik kanpora, alde edo kontra. Baina egin egin behar dugu.