21. Korrika

21 abesti

Aizpea Amas 2019ko api. 11a, 18:16

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei... zortzi, bederatzi, hamar… eta dagoeneko 21. ekitaldia du Korrikak. 21 Korrika, 21 abesti. Korrika bakoitzarekin eta kanta bakoitzarekin momentu bakarrak bizi izan ditugu, ez al da hala?

Korrika aldarrikapenaren gainetik sentimenduz eta emozioz betetako martxa da, Korrikaren atzean euskarari bai esaten dioten bat, bi eta milaka korrikari direla sentitzen dugulako. Edota Tapia eta Leturiak abestu moduan, euskararen bizitzaren geroaren atzetik, gure maratoia eta gure arrazoia delako.

Izan ere, Korrika bezalako herriko ekintzak noizean behin esnatzeko beharrezkoak dira Eganek dioen bezala (nola ahaztu Xabier Saldiasen "olarari rari" mitiko hori!). 

Akelarrek, Gozategik, Kepa Junkerak, Mikel Laboak eta Ruper Ordorikak, Betagarrik, Esne Beltzak, Fermin Muguruzak (bitan)… gonbidatu gaituzte Korrikan parte hartzera Korrika Badator, Goazen korrika, Aide Korrika, Bagoaz korrika bezalako mezuekin. Euskalakariak eta euskahaldunak ibili gara zirkorrika urte hauetan guztietan, eta ganoraz bizitzeko gomendioa luzatu digute: euskaraz jalgi eta erdara lagatzea. Malabaristak, trapezistak, funanbulistak izan edota Afrika, Gernikan, Sohütan edo Amerikan sortuak, euskara herrian dagoela erakutsi digu Korrikak, eta mundu bat dagoela atzean. 

Oraingoan, berriz, Euskal Herria bitan banatu eta gero, klika egiteko garaia iritsi zaigu. Ziur gaurkoan ere sentipen mordoa biziko ditugula gurean, arnasestuka lasterka egiten dugun bitartean. Aurten, gainera, niretzat berezia den egunean pasako da Korrika Lasartetik, euskara oparitu zidan pertsonaren urtebetetzea baita. Zorionak ama!