Iñaki Chourraut

Asier Ordriozola 2019ko api. 4a, 18:08

Garai berrien iragarleek diote liburuak eman dituela onenak, azkenetan dela eta gainerako informazio eta entretenimendu moduek irentsi egin dutela. Paperaren gozamena zer den badakigunok ez dugu hori sinetsi nahi, eta beraz, ez dugu sinesten.
Gozamen horren araberako klub, elkarte, fundazio edo halako zerbait sortu izan bagenu Lasarte-Orian, ezustean joan zaigun Iñaki Chourraut izango zukeen presidente, modu naturalean edo beharrezko izanez gero, bozketa baten ondorioz. Gure herrian izan diren liburu-denda guztiek itxi ondotik, Iñakiren EKAINek ateak irekita eduki ditu urtetan eta urtetan. Liburu eskaintza zabala nahi zuenak hara joan behar zuen, Donostiara joan
nahi ez bazuen behintzat. Horrek izen bat eta aura bat eman dio Iñakiri.
Bai, horretaz gainera, Txeloren senarra eta Oihaneren zein Maialenen aita ere bazen Iñaki, eta Maialenek olinpiar jokoetan urrezko domina leporatu zuenez, urrezko dominadun baten aita ere bai.
Baina Iñaki batik bat liburuekin, arkudun fatxada zuen liburu dendako literatur apasionatuaren irudiarekin lotzen dugu, itsu-itsuan liburu bat erostera joan eta doako gomendioa egiten zuen gizonarekin.
Nahiz guk sinetsi nahi ez, desagertuko dira agian noizbait liburuak, baina oraindik halakorik gertatu ez bada, besteak beste, Iñaki bezalako pertsonengatik izan da. Zutabe umil honetatik, eskerrik asko.