Bakardadea

Gorka Lasa 2019ko mar. 29a, 06:00

Inkomunikazio egoeratik datorren sentipena eta izaera da bakardadea. Jendez inguratuta egon arren, bakarrik sentitzea eta ondoan inor ez izateagatik bakarrik egotea

Inkomunikazio egoeratik datorren sentipena eta izaera da bakardadea. Jendez inguratuta egon arren, bakarrik sentitzea eta ondoan inor ez izateagatik bakarrik egotea.

Adina aurrera doan heinean pairatzen den egoera dela uste dugu gehien bat, hain zuzen, belaunaldikideak urritu ahala, bakarrik geratzeko aukera handitu egiten baita. 65 urtetik gorako herritarren artean oso ohikoa da bakardadea, baina, tamalez, gero eta gazte gehiago sentitzen dira egoera horretan.

Gizakia animalia soziala da. Komunitatea behar du bizi izateko, maitasuna, entzungo gaituen norbait, eta Smartphone edo ordenagailu batek nekez ordezkatuko du hori. Inoizko garairik konektatuenean inoiz ez bezalako bakardaderik handienean bizi da gizakia; ikusi besterik ez dago autobus barruan irudikatzen dugun argazki edo irudia: bakoitza bere munduan sartuta doa. Gizarte gero eta indibidualizatu honetan, bata bestearekin komunikatzeko eta harremanak izateko gero eta zailtasun handiagoak antzematen hasiak dira; depresioak, beldurrak eta arazo psikologikoak areagotu egin omen dira.

Azken urteotako eraldaketa birtual bortitz honek inguratzen dituen mundua arrotzago bihurtu die adineko pertsonei, inkomunikazioak bakardadea areagotu du eta.

Gizakiok afektibitate erreala behar dugu eta ez birtuala.