Urrezko bi domina Euskal Herriko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 21a, 13:30
Buruntzaldea IKTko Ainhoa eta Leire Martinek absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketan bi urre etxeratu dituzte. Urumeako trabesian, berriz, podiumean sailkatu ziren Xabier Elizegi eta Laura Igea Master1 eta Master2 kategoriatan, hurrenez hurren

Txintxarri
Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak pozik itzuli dira Gasteizen egin duten Euskal Herriko txapelketatik. Ez da gutxiagorako: junior eta absolutuen mailan bi urrezko domina, EAEko marka bat, eta taldeko hiru marka hautsi dituzte. Ez hori bakarrik: 11 marka pertsonal ondu dituzte igerilariek.

Ainhoa Martinek hasi zuen lehiaketa. Ezin hobeki, gainera. Lehen proban, 200 bular proban, aurkaririk ez zuen izan Martinek. Urrea eskuratu zuen eta taldeko marka berri bat hautsi zuen, marka pertsonala ontzeaz gainera. 2:43,13 behar izan zuen 200 metroak betetzeko. Gainera, EAEko 14 urtez azpikoen errekor berri bat ezarri zuen.

Gainerako hiru probatan ere txukun aritu zen igerilari lasarteoriatarra. 100 metro librean 1:04,34 marka pertsonala lortu zuen, baita 200 metro bizkar proban, 2:31,31 denborarekin.

Leire Martinek ahizparen maila berbera erakutsi zuen. 200 metro bular proban laugarren sailkatu zen absolutuen mailan, 2:49,38ko marka pertsonala onduta. 50 bizkar proban 31,03 lortu zuen, eta bere marka hoberenetik oso gertu geratu zen, 12 ehunekora, hain zuzen. Arratsaldeko saioetan ere lehiatu zen Leire Martin. 100 metro tximeletako marka petsonal berria ezarri zuen 1:09,71 denboran. Azken proban, berriz, 800 metro librean, marka pertsonalaz gainera urrea eskuratu zuen absolutuen mailan, 9:41,45 denborarekin.

Gainerako taldekideek ere bikain aritu ziren Gasteizen. Paula Sevillano goizeko saioan lehiatu zen, 100 metro eta 50 metro bizkar probatan. Lehenengoan marka pertsonala ondu zuen ia, ehuneko batera geratuta (1:07,97). Bigarrenean, berriz, lortu zuen marka pertsonala: 35,69ko denbora lortu zuen.

Jon Ibargoienek 100 metro libreak zituen begiz jota, eta  1:01,42ko denbora lortu zuen, bere marka onenetik 78 ehunekotara.

Bestalde, Nahia Zudaire nagusi izan zen igeriketa egokituan; sailkapen orokorrean ez zuen areriorik izan. 3:00,27ko denbora egin zuen 200 metro librean; 54,03 bizkar estiloko 50 metrokoan; eta 39,63 50 metroko estilo librean.

Aste honetan atseden pixka bat hartu eta gero, berriro lehiari ekingo diote Buruntzaldea IKTko igerilariek. Unai G. Somovilla alebina Bartzelonan dago. Gaur proba garrantzitsua du: Espainiako Txapelketako 100 metro bizkar eta 100 metro bular probatan parte hartuko du. Hurrengo astean Leire eta Ainhoa Martin eta Paula Sevillano arituko dira Espainiako txapelketan, Malagan.

Trabesiak
Igerilari lasarteoriatarrek asteburu arrakastatsua bizi zuten, beste behin zeharkaldietan. Donostian jokatutako Urumea ibaiko trabesian, herriko igerilariek maila bikaina erakutsi zuten.

Laura Igea herritarrak 39:05 minututan amaitu zuen proba, Master2 kategoriako bigarren azkarrena izatea lortuz. Txuri Aranburu donostiarrak egin zuen denborarik onena bere mailan, eta Igea baino minutu bat lehenago helmugaratu zen.

Bestalde, Xabier Elizegik ere oso lasterketa ona egin zuen. Sailkapen orokorrean zortzigarren postuan iritsi zen helmugara, 27:39 minutuko denbora eginez. Master1 kategorian, berriz, podiuma zapaltzeko aukera izan zuen herritarrak. Izan ere, hirugarren kronorik onena markatu zuen, Luis Goñi hernaniarraren eta Ander Vilariño donostiarraren atzetik.