Postariaren ametsak

Gorka Lasa 2017ko ira. 15a, 10:28

Ezpainetan Habanera doinu ezagun eta goxoa txistukatuz zihoala egin dut topo goizean atartean postariarekin. Diosalarekin batera, umore onez dagoela adierazi diot, eta berak baietz, gogoko duela oso uda sasoia, fakturak beharrean munduko txoko desberdinetako postalak banatzen dituelako; batzuk urrutikoak, zenbait exotikoak,  hainbat tokitakoak… postaria gustura aritzen da lanean noizbait bera ere horrelako lekuren batera iritsiko den egunaren zain: Thailandiako curry-aren usaina hartzen du, edo Habanako bainila, ron eta kanelarena, edo Veneziako gondola batean doa kulunkan, edo Alpeetako malkarretan gora… 

Postaletako argazkien bidez ezagutu genituen txikitan munduko hainbat leku miresgarri; senideen arteko harreman estuari eutsiz, aitona-amonei non ginen adierazteko idazten genien, edo osaba-izebaren batek haiei (eta guk beren etxean postala ikusi), edo lehengusuen arteko harreman idatzia… Argazkietan ageri ziren Florentziako ufizzitarren galeriak, Erromako plazak, Afrikako basamortua eta piramideak edo Mediterraneo itsasoa, besteak beste.

Gaur, ordea, nork idazten eta bidaltzen ditu postalak? Ez dut aspalditxoan horrelakorik jaso. Nori saltzen dizkiete oroigarri dendetan ikus ditzakegun postal horiek? Asmatu duzu, bai. Bildumazaleek erosten dituzte, haien paperezko mundua osatzeko: argazkiak atera beharrean, eta disko gogorrean betirako ahaztu, beraiek bisitatutako leku horien argazki ederrak (postalak zer dira, bestela) eskuratu eta mapamundi partikularra osatzen dute bidaiari bildumazaleek.

Hainbatek pentsatuko du postala bidaltzen duenak harrokeriaz egiten duela, etxean geratu denari  zein urrutira joan den adierazteko, hain zuzen; usteak erdia ustel, ordea. 1.000 km-ra egon arren gogoan zaitudala adierazteko egiten dut. Abestiak dioen lez, Zaindu maite duzun hori. Eman poza postariari ere