Sahararren kanpalekuetarako materiala biltzen hasiko dira

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 5a, 15:22
Urtarrilaren 8tik 19ra bitartean herriko hainbat dendatan elikagaiak eta produktu higienikoak jasoko dituzte, kanpalekuetara bidaltzeko.

Lasarte-Oriako Udalak, Oporrak Bakean programan parte hartzen duten familiekin eta beste boluntarioekin batera, beste urte batez atxikiko da Sahararen Aldeko Euskal Karabanari. Horrela, hurrengo asteetan materiala bilduko dute, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekura bidaltzeko. Izan ere, antolatzaileek ohartarazi dutenez, kanpalekuetako bizimodua kanpo laguntzaren mende dago. 

Lasarte-Oriako hainbat dendatan elikagaiak bilduko dituzte, hala nola, arroza, pasta, azukrea, lekalea, atuna eta sardinak. Material higienikoa ere eskatu dute, konpresak, esaterako. Elikagaiak beirazko ontzietan ez jartzeko gomendatu dute, bidaian hautsi ez daitezen. 

Horrez gain, herriko ikastetxeetan kutxa bat ipiniko dute hilaren 8tik aurrera, materiala bertan uzteko. Emakumeen Zentroan ere jarriko dute beste bat. Hilaren 13an, larunbatean, ondoko sumermerkatuetan bilketa egingo dute, egun osoan: BMn, Dian, Carrefour Expressen eta Eroskin. 

Horrez gain, Lasarte-Oria Sahararekin leloa duten metxeroak eta beste produktuak jarriko dituzte salgai, eta ateratako dirua saharrarrei laguntzeko erabiliko dute. 

Norbaitek bere elkartean kutxa bat ipini nahiko balu, edo boluntario bezala lan egin nahi balu hilaren 13an, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daiteke, 650 488 108 telefonoan.