Safri Duo, batukada eta txanda aldaketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 5a, 12:07
Bigarrengoz, lekuko aldaketa egin zen atzo, Sasoeta-Zumaburu ikastetxean. Bertan, bigarren eta hirugarren txandako Ahobiziak elkartu ziren.

Atzo arratsaldean egin zen Ahobizien txanda aldaketa. Lehenik, bigarren txandako Ahobiziak alde batetik eta hirugarren txandako Ahobizi berriak bestetik, dinamika bat egin zuten. Hori amaitzean, ikastetxeko gimnasioan bildu ziren guztiak. Bertan, Estitxu Garmendia zortzikoteko kideak gidatutako saioan, Jokin Ayerregarai bigarren txandako Ahobiziak, iragan asteko esperientzia kontatu zien bertan bildutakoei eta berarekin batera, Boris Nogalesek, aste honetan zehar izango dituen erronkak ere entzun ahal izan ziren. Ondoren, Safri Duoren abestiaren laguntzaz gorputzak mugituta txapak banatu eta  lekuko aldaketa egin zen. Gimnasioko saioaren ostean, Dinbi Banda herriko batukada taldearekin batera Jalgira gerturatu ziren.

 

Andrea Gonzalez, bigarren txandako Ahobizia

Zer moduzko esperientzia izan da Ahobizi izatea?
Azken batean erronka honen helburua nire lehen hitza euskaraz izatea zen, eta egunerokotasunean gehienbat euskaraz egiten dudanez nahiko erraza gauzatu zait. 
Familian esaterako, zailtasun pixkat duen kidearekin praktikan jartzean, behintzat saiatzen zen euskaraz erantzuten, nahiz eta batzutan ez lortu. Bestalde, nire lagun taldean adibidez badaukagu ohitura txar bat, gazteleraz egitea. Nahiz eta denok jakin euskaraz hitz egiten, askok gure artean gaztelaniaz egiten dugu. Aho-biziren esperientziaren esker aitzakia bat nuen dena euskeraz egiteko, eta egia esan hasiera batean arraroa egiten zitzaidan bai niri bai nire lagunari,  hasieran batzuk erderaz erantzuten zidaten, baina azkenean gure konbertsazioa euskeraz izaten bukatzen zen.  Erronka ezagunekin bideratuz, hitz egiten genuen gutxi hori erderaz erantzuten zidaten gehienbat, askok ez zutelako ondo menderatzen hizkuntza. 
Azken batean esperientzia honekin argiago geratu zait euskara ez erabiltzeko arrazoia erosotasuna eta alferkeri hutsa dela. Behin ohitura sartu zitzaigun gazteleraz egiteko eta orain ez dugu esfortzurik jartzen hori aldatzeko, ez digulako eragozten. Nire inguruko jende gehienak euskara aise menderatzen du eta ez du arazorik erabiltzeko, baina ez dutenez beharrezkoa ikusten euskaraz egitea, ez da behar bezain beste erabiltzen, horregatik espero dut bai ni eta bai haiek konturatzea gaztelera bezain ondo erabili dezakegula gure hizkuntza gure artean hitz egiteko.

 

Boris Nogales, hirugarren txandako Ahobizia

Zer lortu nahi duzu esperientzia hau biziaz?
Gazteleraz hitz egin ohi dudan gertukoekin euskaraz hiz egiteko ohitura lortzea dut helburu aste honetan. Urteetan pertsona horiekin gazteleraz egin dut eta buelta ematea ez litzateke gaizki egongo. Esate baterako, arrebarekin beti gazteleraz egin ohi dut, nahiz eta ingurukoak euskaraz egin eta ohitura hori aldatzea ederra izango litzateke.
Gainera, esperientzia polita iruditzen zait. Kalean Belarriprest modura espero ez nuen jendea ikusi dut eta lagun batekin ere sorpresa ederra eraman dut. Urtetako inertziak gazteleraz hitz egitera eramaten zaitu pertsona batzuekin. Baina euskaltegian dago euskara ikasten, nik ez nekien, eta lehengoan ni Belarriprest nintzela ikusi eta euskaraz egin zidan. Polita iruditu zitzaidan egindako esfortzua.