Lasarteko zirkuituari omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 23a, 18:19
Auto klasikoek larunbatean zeharkatuko dute herria, Lasarteko zirkuitua gogoratzeko. 17:30ean geldialdia egingo dute Orian.

Lehenengo urtearen arrakastaren ondoren, bigarren aldiz antolatuko dute San Sebastian Circuit Spirit, Lasarteko zirkuitua oroitarazteko. Donostia, Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oria zeharkatzen zituen automobilen lasterketak, oraingo errepide publikoaren bidetik. 1920eko eta 1930eko hamarkaden artean egin zen lasterketa, eta sona eta garrantzi handia lortu zuen. Europako zirkuitu onenatzat ere hartua izan da. 

Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin ekarriko dute aurten ere lasterketa horren omenaldia. 1.200 euro jarri ditu udalak ekimena laguntzeko, Txus Alonso zinegotziak esan duenez. 17:30ak aldera ikusi ahalko dira herrian zehar antigoaleko autoak. Michelingo zuzengunetik sartuko dira, eta Oriatik irtengo dira Andoainera. Lehenago, baina, geldialdi bat egingo dute Oria-Txiki tabernan. Ordubete geroago berriro pasako dira, erregulartasun proba egiteko. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, auto klasikoen rallya izango da, baina beste modalitate batean modernoak ere ikusi ahalko dira.