Kontzientzia hartu eta ohiturak aldatzeko, mugikortasun ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 16a, 13:00
Irailaren 20an egingo dituzte ekintzak herrian. Horien bitartez mugikortasunaz kontzientziatu nahi dituzte herritarrak

Autorik gabeko eguna da irailaren 22a, eta gaiaz jabetu eta ohiturak aldatzeko, askotariko ekintzak antolatu ditu Artelatzek, udalarekin elkarlanean.

Egun bakarrean egingo dira aurten antolatutako ekintza guztiak: irailaren 20an, osteguna.  

Bigarren eskuko bizikleten merkatuak irekiko du arratsaldea. Okendo plazan egingo dute, eta 16:30ean zabalduko ditu ateak, baina bizikletak saldu nahi dituztenek 15:00etatik aurrera entregatu beharko dizkiote antolakuntzari.

400 euro arteko bizikletak bakarrik saldu ahal izango dira, eta 20:00ak arte izango da zabalik.

Bien bitartean, bizikleta martxa abiatuko da 16:30ean Okendotik. Parte hartzaileek bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituzte.

18:00etan Ipar Martxako ibilaldia egingo dute Ostadar SKTko taldeak antolatuta.Arratsaldean jolasak ere egingo dituzte kalean.

Manttangorri, doan 

Irailaren 21ean, ostiralean, Manttangorri hiribusaren zerbitzua doakoa izango da erabiltzaile guztientzat.