Giza eskubideen aldeko trenari kulturaren bagoia erantsi dio Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 30a, 00:07
Sare Lasarte-Oriak antolatuta, ekitaldi bat burutu dute gaur arratsaldean herriko hainbat kultur eragile eta norbanakok. Horretan, salatu dute espetxe-politikak "kulturalki isolatu" egiten dituela presoak. Gaurtik aurrera, giza eskubideen aldeko trenak bagoi berri bat dauka: kulturarena.

Lasarte-Oria zeharkatu du gaur Sarek urtarrilean martxan jarritako trenak; euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldekoak, hain justu. Ekitaldi bat egin dute arratsaldean zehar herriko kulturgintzako hainbat eragile eta norbanakok, eta kulturaren bagoia gehitu trenari.

Euskotren geltokitik abiatu dira, 19:00etan. Bertan, "Lasarte-Oriako kulturgintzako manifestua" delakoa plazaratu dute. Ekitaldian parte hartu duten kulturgileen aburuz, espetxe-politikak "kulturalki isolatu" egiten ditu presoak. "Pertsona orok behar ditu kultur adierazpide desberdinak komunitate baten parte sentitzeko. Deserrotze horrek, ordea, gure herrian gero eta ugariagoak diren kultur taldeen jardunetik urruntzen ditu, ingurune arrotz batean sentiaraziz", adierazi dute. "Euskarazko korrespondentzia izateko trabak izan ohi dituzte, berandutzeak, telefonoaren erabilera, ikasketak burutzeko zailtasunak, hedabideen seinalea diferituan jasotzea...", atxiki dute. "Horregatik guztiagatik, berariazko isolatze eta urruntze hori guztiok berezko dugun giza eskubideen urraketa dela salatu nahi dugu".

Trena, herriko kaleetan barrena

Hainbat geltoki egin ditu trenak arratsaldean zehar. Denera, sei: Pintore eta Pablo Mutiozabal kaleen arteko zabalgunea, Sagardotegi kalea, Elizatze plaza, Brigida plaza, Askatasunaren parkea eta Okendo plaza. Horietako bakoitzean, Ane Labakak idatzitako bertso bana abestu dute, Habanera doinuarekin. Eskubide eta preso bana izan du ardatz kopletako bakoitzak: 'Ikasteko eskubidea' Pello Eskisabelen kasuan; 'Euskara espetxean' Aitzol Iriondorenean; 'Osasun eskubidea' Ibon Fernandez Iradirenean; 'Dispertsiorik ez!' Javi Gallagarenean; 'Biziarteko zigorrik ez!' Santi Arrospiderenean; eta 'Eskubideen urraketaren amaiera' Rafa Diezenarenean.

Horrez gain, herriko kulturgile eta norbanakoek ikuskizunak eskaini dituzte: dantzariak, Xumela abesbatza, abeslariak...denetik egon da gaurkoan. Beno, egiari zor, "pertsona garrantzitsu" bat falta zen, Sareko kideek aipatu dutenez: Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'. Gaixoaldi baten ondorioz ezin izan du ekitaldian egon, baina Okendora bertaratutakoek gogoan eduki dute, 'Epo i tai tai e' abesti ezagunarekin. Era berean, Sareko kideek nabarmendu dute trena ez dela geldituko, "presoen eskubideak urratuak" direlako oraindik. Gaineratu dute Fresneseko espetxean gose greban zeuden preso denek utzi dutela jada baraualdia. 

Argazki galeria