Ez dute onartu Ibon Fernandez Iradiren zigorra eteteko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 15a, 17:31
Eguerdian zehar hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Parisko Zigorren Aplikazio Ganberak ez du onartu Ibon Fernandez Iradi herritarraren zigorra eteteko eskaera, eta giltzapean jarraitu beharko du. Frantziako Estatuko kartzeletan larriki gaixo dagoen euskal preso bakarra da; 2013an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten.

Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren zigorra etetearen aurka egin du gaur Parisko Zigorren Aplikazio Ganberak. Hortaz, herritarrak espetxean jarraitu beharko du (Frantziako Lannemezan espetxean dago), larriki gaixo dagoen arren. 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza; eritasunaren lehen sintomak 2010ean hasi zen pairatzen. Hainbat hedabidek eman dute albistearen berri gaurko egunean zehar.

Iturri berberek jakinarazi dute herritarraren abokatuak jakinarazpena jaso duela, baina ez eskaera atzera botatzeko argudioak. Azaroaren 24an epaitegi horrek berak bi ordu eta erdiko bilera egin zuen, eta prokuradoreak atzera bota zuen larriki gaixo dagoen euskal presoa aske uzteko eskaera. 

Frantziako Dei Auzitegiak 2015eko maiatzaren 7an ebatzi zuen bateragarriak zirela herritarraren eritasun larria eta espetxealdia. Erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen Ibonek Kasazio Gortean, bost egun beranduago. Gorte horrek bertan behera utzi zuen Dei Auzitegiaren deliberoa, "Ibonen gaixotasuna eta espetxealdia bateragarriak izateko baldintzak betetzen ez zirelako", herritarraren abokatu Maritxu Paulusek azaroan kultur etxean egindako mahai-inguruan jakinarazi zuenez. Hortaz, prozesua berrabiaratu zuten, eta gaur eman dute erabakiaren berri.

Elkarretaratze berezia gaur Okendon

Lasarte-Oriako Sarek elkarretaratze berezia antolatu du gaur iluntzean, 20:00etan, Okendo plazan, Ibon Fernandez Iradiren zigorra ez etetearen erabakia salatzeko. Herritarrak gonbidatzen dituzte ekitaldi horretan parte hartzera.