Erraustegiaren aurka elkarretaratze ikusgarria Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 19a, 18:30
Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak deituta, kontzentrazio ikusgarria egin dute eguerdian, Okendo plazan

Azaroak 26rako GuraSOSek Donostian egingo duen manifestaziora joateko deia luzatu eta Zubietan eraiki nahi duten erraustegiari ezetz esateko asmoz, Baietz erraustegia gelditu! elkarretaratze ikusgarria egin da gaur eguerdian, herriko Okendo plazan. Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak antolatu du elkarretaratzea eta herritar ugari bildu dira bertan. Adarraren soinuak jarri ditu martxan plazan bildutakoak. Maindire zuriak eskuan, adarraren soinua entzun eta lurrean etzan dira bertaratutakoak. Erraustegiak herritarren osasunean eragin ditzakeen kalteak azaleratu asmoz, ospitaleetako maindire zuriak irudikatu nahi izan dituzte horrela. Etzanda ziren bitartean, heriotza ibili da jendartea mehatxatzen. Ikusgarria izan da.

Idatzi bat irakurri ostean, kontzentrazioaren amaieran, datorren larunbateko hitzordua izan dute gogoan; GuraSOSek antolatutako manifestaziora joateko gonbita egin du Aire Garbiak herri plataformak.