Zazpigarren postuan hasi du Donostiarrak Gipuzkoako Liga

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 22a, 13:23
Intza Fernandez herritarraren traineruak irabazleak baino 41 segundu gehiago behar izan zituen amaitzeko

Larunbatean hasi zen Gipuzkoako Emakumeen VIII. Traineru Liga, eta Intza Fernandez lasarteoriatarraren Donostiarra aurredenboraldian erakutsitako maila beretsuan lehiatu zen.  Zazpigarren postuan bukatu zuten estropada, 41 segunduko galerarekin. San Juan-Iberdrola izan zen onena, erlojuaren kontrako esfortzua 10:31,73tan amaitu ostean.

 

Hala, lau puntu bildu dituzte donostiarrek lehenengo jardunaldian. Badirudi ohorezko postuak oraindik urrutiegi daudela traineru gaztearentzat. Dena den, sailkapenaren erdian lehiatzeko adinako maila erakutsi dute Intza Fernandezek eta bere taldekideek.

Bilboko Itsasadarrean jokatu zuten estropada Gipuzkoako Ligan aritzen diren hamar taldeek, Udaletxetik Deustuko Unibertsitaterako luzeak eginez.

Asteburu honetan, bi hitzordu ditu Donostiarrak eta Gipuzkoako Liga lehiatzen duten beste bederatzi taldeek: Pasai Donibanen larunbatean eta Portugaleten igandean.