Maite Salazar bigarren Beasaingo herri lasterketan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 16a, 11:45
Proba motzeko podiumera igo zen lasarteoriatarra. Beste herritar batzuk ere izan ziren lasterka

Bealak (Beasaingo lasterkariak) taldeak antolatuta, Beasaingo herri lasterketa jokatu zen igandean. 186 korrikalari izan ziren bi lasterketetan banatuta, 14 km-takoa eta 7km-takoa, eta zazpi lasartoriatar izan ziren lasterka. 

Emaitzarik onena Maite Salazarrek lortu zuen proba motzean. Salazarrek emakumeen mailako bigarren postua eskuratu zuen, 29:10 denbora eginez.

Gizonen mailako proba motzean Jon Lorenzo herritarra 8. postuan iritsi zen helmugara, 24:52 denbora egin eta gero.

Gainontzeko herritarrek 14 kilometrotako ibilbidea egin zuten. Iraitz Pikabea izan zen azkarrena, 52:54. Gainontzekoen denborak honako hauek dira: Asier Gorostegi, 56:04; Leonardo Juarez, 57:22; Imanol Arteaga, 57:22 eta Peio Fadrique, 1:14:41.

Datorren asteetan, berriz, proba garrantzitsuak izango dituzte lasterkariek. Horietako bat,  igandean, martxoaren 18an, izango den Udaberriko lasterketa da. Honetan, 10 km. errepideko Euskadiko txapelketa egongo da jokoan. Bestetik, martxoaren 24an, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko da.