Lasarteoriatarrak, zeharkaldi jendetsuenean, Zarautzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 21a, 14:30
Getaria-Zarautz zeharkaldian izango dira 25 herritar, 2.850 metroak igeri betezeko erronkaren aurrean

Ordezkaritza zabala izango du igandean Lasarte-Oriak Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Guztira, 25 herritar dira parte hartzekoak igeriketa proban. Kostaldeko bi herrien arteko 2.850 metroak bete beharko dituzte. 

Batzuentzat lehenengo aldia izango da zeharkaldian, nahiz eta beste batzuk ongi ezagutzen duten proba. Iazko lasterketan Iñigo Ibarburuk 11. postua eskuratu zuen, irabazlea baino 1:10 minutu geroago helmugaratuta; Izaskun Salzar seigarren sailkatu zen emakumezkoen master kategorian, eta Xabier Elizegi hamargarren gizonezkoen master mailan. 

Gainera, azkeneko zeharkaldien emaitzak ikusita, parte hartzaile asko sasoi onean daudela dirudi. Laura Igearen kasua da hori. Joan den asteburuko Urumeako zeharkaldian bigarren postua eskuratu zuen, emakumezkoen master kategorian. Elizegik ere parte hartu zuen, eta podiumeko koskara igotzea lortu zuen, gizonezkoen master kategorian hirugarren sailkatu gisa. Zortzigarren izan zen kategoria guztiak kontuan hartuta. 

11:30ean hasiko da proba igandean. Infantilak ordubete lehenago uretaratuko dira, 800 metroko zeharkaldia osatzeko. Aurten marka guztiak hautsi ditu zeharkaldiak parte hartzaileei dagokionean: 2.888 pertsona daude izen emanda. Nagusiak taldeetan aterako dira, aurreko probetan eginiko denboraren arabera.

Lehengo urtean gizonezkoetan garaile izan zen Alex Ojanguren bertan izango da aurten. Amaia Cendoya irabazleak, berriz, ez du oraingo honetan parte hartuko.