Hiru puntu baino askoz gehiago

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urt. 14a, 19:34
Erregional Preferenteak ederki hasi du 2018a: 2-1 irabazi dio Sanpedrotarra arerio zuzenari, eta pasa den astean Trintxerpen zakuratutako puntuari are balio gehiago eman dio. Jaitsiera postuetan jarraitzen du, baina gertuago dauka salbazioa

Arerio zuzenen aurka jokatzen diren neurketek balio bikoitza dute: irabazten baduzu, urrezko hiru puntu poltsikoratzen dituzu, eta, gainera, arerio zuzena esku-hutsik utzi eta sailkapenean dagoen aldea estutzen duzu. Hori jakinda atera da zelaira Ostadar, eta gogor lan egin eta gero, 2-1 irabazi dio Sanpedrotarrari. Hiru puntu baino askoz gehiago lortu ditu taldeak asteburu honetan: jaitsiera postuetan jarraitu arren, puntu bakar batera dauka salbazioa. 2018an galdu gabe segitzen du: hiruna berdindu zuen Trintxerpen joan den astean, urte berriko aurreneko partidan. Zakuratutako puntuari are balio gehiago eman dio: 14 ditu orain zorroan, eta azkeneko postuari agur esan dio, aspaldiko partez.

Aurreneko minutuetan Ostadarrek sortu du arrisku gehiago. Iribarrek gutxigatik ez du sareratu korner bat; gora joan zaio errematea. Hegaletatik ere min egin dio Sanpedrotarrari, baina aurrelariek ezin izan dituzte erdiraketak sareratu. Aurreneko zatiko erdialdera iritsi ahala, Ostadarrek lerroak apur bat atzera eraman ditu, eta Trintxerpeko taldea hasi da zelai erdiaz nagusitzen. Ez du aparteko abagunerik sortu, baina gusturago egon da zelaian minutu horietan. Bi taldeek asko zuten jokoan, Ostadarrek batez ere, eta nabaritu da berdegunean: inork ez du gehiegi arriskatu nahi izan. Denboraldi honetan opari dezente egiten ditu Erregional Preferente kategorian ari den taldeak, eta ez du hori errepikatu nahi izan.

Jokoa trabatua egon ohi denean, estrategiako jokaldiak izan daitezke markagailuan aurrea hartzeko baliabide egokiak. Hala sartu du 0-1ekoa Sanpedrotarrak: falta jaurtiketa bat erdiratu, eta zenbait aldaratze eta gero, Iker Hernandoren ateko sareetan bukatu du baloiak. Gehiegi egin gabe aurkitu du saria talde moreak. Berriro ere markagailuari buelta ematea tokatu zaio Ostadarri. Askotan irakurri dute gidoi hori lehen ere Asier Aizpurua eta Ander Rekondok zuzendutako jokalariek, eta behin baino gehiagotan egin dute balentria. Gaur ere bai: lehenengo gola oraindik ospatzen ari zirela ia, banakoa sartu dute lasarteoriatarrek, korner batean, hainbat aldaratze eta gero, baita ere. Taldeko golegile nagusi Ivan Ruizek sartu du banakoa. Markagailua ez da gehiago mugitu aurreneko zatian.

Merezita, edo ez, baina urrezko hiru puntu

Futbola kuriosoa da askotan. Logika askorik gabea ere bai, zenbait aspektutan. Ostadarren jokoa aztertuta, gutxitan jokatu du partidu honetan baino okerrago. Hainbatetan merezi izan ditu puntuak, baina esku-hutsik geratu da azkenean. Ez da izan Sanpedrotarra baino gehiago, ez ditu egin beste zenbait jardunalditan bezainbeste meritu irabazteko, baina neurketaren hondarrean 2-1ekoa sartu eta hiru puntuak zakuratu ditu. Egoitzek sekulako jokaldia egin du ezker hegalean: atzean utzi ditu lau arerio, area barrura sartu da, Unai Iribar errematatzeko posizio onean zegoela ikusi, eta baloia pasa dio. Erdilari gazteak ez du barkatu, eta 2-1ekoa sareratu du. Gogotik ospatu dute jokalariek zelai barruan, eta baita ordezkoek eta entrenatzaileek ere, aulki ondoan. Garaipen honek hiru puntu baino askoz gehiago balio ditu.

89. minutuan sartu du 2-1ekoa Ostadarrek. Hori baino lehen, nabarmentzeko moduko jokaldi gutxi, baina garrantzitsuak. Horietako bietan Sanpedrotarrako jokalariak izan dira protagonista: langara jaurti dute falta bat, eta Ostadarreko Asier Hazasek gol-marran aldendu du ate barrura zihoan baloi bat. Beste batzuetan bizkar eman die zorteak urdin-beltzei, baina gaurkoan alde eduki dute. Hori ere behar da batzuetan irabazteko, arerioak baino meritu gehiago egiten ez dituzunean, batez ere.

Garaipen honekin sailkapeneko azken postuari agur esan diote herritarrek, aspaldiko partez. Jaitsiera postuetan segitzen dute, baina goiko taldeak gertuago ditu orain: salbazioa, puntu bakarrera. 2018an bi neurketa jokatu ditu Ostadarrek, eta sei puntutik lau atera ditu. Pixka bat atzeragotik eginda kontuak, azken hamabietatik, zazpi. Dinamika horretan jarraituz gero, helburua lortu ahal izango dute. Lan asko egin beharko dute oraindik, ordea. Gogoa, lan-tresnak eta ilusioa badauzkate, behintzat. Ez da gutxi.

Ostadar SKT: Iker Hernando; Dani Lopez (Lander Iraola, 86. minutuan), Iker Navarro, Ganix Arrondo, Martin Verdugo; Unai Iribar, Asier Hazas, Julen Bermejo (Julen Lopez, 54. minutuan); Egoitz Rodriguez (Aigor Aizpurua, 89. minutuan), Sergio Masa eta Ivan Ruiz.