Azkeneko postuak gero eta urrutiago ditu Ostadarrek

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 18a, 11:50
Ohorezko Erregionalak 0-0 berdindu du Goierri Gorriren aurka; lau partida daramatzate urdin-beltzek galdu gabe

Irabazi ezin duzunean, behintzat ez galdu. Futbol munduko topiko entzunenetako bat da. Ostadar SKT zintzo ari da hori betetzen: azken lau partidetatik hiru berdindu ditu. Puntuz puntu, gero eta urrunago ikusten ditu sailkapeneko azkeneko postuak. Denboraldiko hamalaugarrena Goierri Gorriren aurka lortu zuen, pasa den asteko larunbatean, Michelinen. Markagailua ez zen mugitu 90 minutuetan: 0-0.

Zaleek ez zuten golik ospatu arratsalde hotz horretan, baina horrek ez du esan nahi partida aspergarria izan zenik. Kosta zitzaien aukerak sortzen hastea, hori bai. 25. minutuan jaurti zuten aurrenekoz urdin-beltzek. Vanessa Perez aurrelaria saiatu zen goierritarren atea zulatzen, baina bere ezkerkada arazorik gabe geratu zuen atezainak. Defentsan apenas sufritu zuen Ostadarrek, atzeko lerroa oso txukun aritu zelako. Norbere atea hutsean mantentzeak aukera gehiago ematen ditu irabazteko, larunbatean lortu ez bazuten ere. Badirudi hori dela Iñigo Sanchez eta Alex Altuna entrenatzaile gazteen asmoa: defentsan sendo aritu, baloia atzetik jokatuta atera eta jokalari askorekin iritsi aurkarien areara.

Jardunaldiak eman duena 

Erregional Preferenteak 2-1 galdu zuen Rotetaren aurka. Porrot mingarria izan zen, 88. minutura arte aurretik joan zirelako urdin-beltzak. Bi minututan bi gol sartu zituzten donostiarrek, eta punturik gabe utzi Ostadar.

Iberdrola Ligan, Reala bolada onean da berriro. 1-3 irabazi zuen Malagaren aurka. Iraia Iparragirre herritarra 64. minutuan zelairatu zen.