Asier Pozo da 2017ko laugarren onena kadete mailan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 8a, 18:00
Gipuzkoako Txirrindularitza Elkarteak kadete eta junior mailako txirrindularien ranking-ak argitaratu ditu. Buruntzazpi taldeko hainbat txirrindulari agertzen dira zerrenda horietan.

Kadete mailakoan, esaterako, onenen artean dago Asier Pozo. Orain arteko lasterketetan 104 puntu pilatu ditu; laugarren marka onena da hori. Pozoren taldekide Aaron Anzizar eta Markel Aristegik ere puntuatu dute aurten; 11 eta 4 poltsikoratu dituzte, hurrenez hurren.

Junior mailan, hamar onenen artean sartzear da Luken Carbayeda. 45 puntu bildu ditu aurten, oraingoz; hamargarren onenak bezainbeste poltsikoratu ditu eta bederatzigarrenak baino bat gutxiago besterik ez dauka. Oier Urbizu taldekideak ere batu ditu zenbait puntu aurtengo denboraldian: bost zakuratu ditu orain arteko lasterketetan.