'Arrigunaga' zaldi gazteak irabazi du Kursaal Saria

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 21a, 17:00
Maila handiko lasterketa egin ostean, hiru urteko zaldi 'Arrigunagak' irabazi du Casino Kursaal saria. 2.000 metroko ibilbidea burutu zuten, eta 9.000 euroko dirusaria eskuratu zuen Imaz Cecak entrenatutako animaliak

Denboraldiko behorren lasterketa garrantzitsuenetakoa jokatu zen pasa den igandean Lasarte-Oriako Hipodromoan. ACM zalditegiko Arrigunagak nagusitasunez irabazi zuen Casino Kursaal sari nagusia, bigarren postuan amaitu zen Potiri zaldi bateko aldea atera ondoren. Rock Eyes behor britainiarra geratu da hirugarren.

Bazirudien Potik eskuratuko zuela garaipena, baina helmugako zuzenean aurreratu zuen Arrigunagak. Hala, bigarren garaipena du Lasarte-Orian behorrak. Izan ere, lehengo urtean helmugan lehena izatea lortu zuen herriko hipodromoan.

Gazteenak irabazi du, oraingoan, jardunalduniko sari nagusia. Hiru urte ditu Arrigunagak, podiumean harekin amaitu zutenek baino bi eta hiru urte gutxiago.

Guztira, 15.300 euro banatu zituzten 2.000 metroko lasterketa aurrean amaitu zutenen artean. Lehenak, 9.000 euro etxeratu zituen; bigarrenak, 3.600; hirugarrenak 1.800; eta laugarrenak, 900.

Sorpresarik ez 
Casino Kursaal saria jardunaldiko bosgarren eta azken lasterketa izan zen. Aurreko laetan ez zen sorpresa handirik egon. Izan ere, gehienak irabazteko faboritoak ziren zaldiek bereganatu zituzten.

Jose Luis Borregok gidatutako Bella Canarias zaldi irlandarrak eskuratu zuen Gipuzkoako Kirol Kazetaritza Elkarteko Saria, jardunaldiko estreineko lasterketan. Quincyrentzat izan zen Ayerdi Bitxitegiak babestutako 2.200 metroko froga. Kanak eta Dunnaby izan ziren, bestalde, Noticias de Gipuzkoa eta Garda Seguridad sarietan onenak.

Denboraldiak, aurrera
Udako zazpigarren jardunaldia jokatuko da igandean, Lasarte-Oriako Hipodromoan. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak 15.300 euroko dirusariak banatuko ditu  laugarren eta bosgarren lasterketetan. Saumet eta Zascandil zaldiak dira asteburu honetako lasterketak irabazteko faboritoak.

Abuztua gertu dela, urteko froga garrantzitsuenak iristear daude. Horien artean, Maria Cristina Hotela saria. Pasa den igandekoa bezala, behor lasterketa izango da. Denboraldiko preziatuena, alegia.
Arrigunaga behorrak bere hautagaitza erakutsi du jada. Sasoian iritsiko da, baina aurkari indartsuak izango ditu.